AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/13 13:37

Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek izendatu du jadanik lehen ministro berria: zentro eskuinekotzat hartutako Mouvement Démocrate (MoDem) alderdiko burua, François Bayrou, indar politikoen arteko tentsioak orekatzeko antza. 73 urte ditu, eta gaur 08:30ean biltzera deitu du Macronek, Parisko Eliseo jauregian. Ordu eta erdi igaro dute bilduta, eta ondoren eman dute erabakiaren berri.

Macronek, berez, Michel Barnier kontserbadorea izendatu zuen lehen ministro irailean, azken hauteskundeak Nouveau Front Populaire (NFP) ezkerreko koalizioak irabazi arren. Barnierrek kargua hartu eta hilabete gutxira aurkeztu dute bere kontrako zentsura-mozioa ezkerrak eta eskuin muturrak: bat egin zuten La France Insoumise (LFI) eta Rassemblement National (RN) alderdiek, berehala, Barnierren agintaldiari amaiera emanez.

Badirudi lehen ministro berriak ere zailtasun handiak izango dituela parlamentuan adostasuna lortzeko. Ezkerreko alderdiek ez dute ontzat eman, eta Marine Le Penen fakzio faxistak egingo duena ere zalantzan dago, hainbat iturrik aurreikusi baitute berriz egingo duela zentsura-mozio baten alde, martxoaren 30a baino lehen. Ikasturtearen hasieran Macronek lehen ministro izendatutako Barnierri babesa eman eta agintea eskuinerantz biratu ostean, bere kontra jo eta zentsura-mozioaren alde egin du azkenean Le Penen taldeak, presidenteak "zinikotzat" jotako mugimendu batean.

Berez, datorren urteko ekainera arte iraungo du behintzat Bayrouren gobernu berriak, Konstituzioak ez baitu baimentzen Asanblea Nazionaleko agintea urtean behin baino gehiagotan desegitea. Hortik aurrera, gobernuaren etorkizuna guztiz ziurgabea da. Izan ere, ezkerreko frontearen barne-eztabaidak eta bereizketa nabarmenak dira: ekologistek zein Parti Communiste Françaisek (PCF) Macronekin negoziatzearen alde egin dute, LFI, adibidez, kontra agertu den bitartean. Hala ere, esperotzekoa da ezkerreko alderdiek orain ere zentsura-mozio bat aurkeztea, muturreko eskuinak bezala.

EZ DAGO IRUZKINIK