Armei buruzko araudia aldatzekotan da Foruzaingoaren Mahai Sektoriala, taser pistolen erabilera ahalbidetzeko. Beharrezko araudi-aldaketa egingo balitz, modu progresiboan hedatuko dute arma hori Foruzaingoan. Nafarroako Gobernuaren arabera, aurreneko urrats modura, mota horretako 150 pistola emango dizkiete "Herritarren Segurtasunari" lotutako unitateei.
Arma horren erabilera, baina, ez du zehaztu gobernuak. Esan duen bakarra izan da aipatutako unitateen "zeregin eta jarduketetara egokituta" egongo dela. Ustez, Nafarroako Segurtasun- eta Larrialdi-Eskolarekin lan egiten duten zenbait irakasle arduratuko dira foruzainei taser pistolak erabiltzeko formakuntza emateaz. Polizia-sindikatuek behin eta berriz eskatu dute arma horren hedapena, eta Barne Ministerioak argudiatu izan du "batez ere, disuasio-funtzio bat" betetzen duela.
Arma horrek abisu-deskarga bisual bat eragiten du lehenengo, eta zenbait segundoko deskarga elektriko bat sortzen du gero, 50.000 voltiorainoko indarrarekin: eragindako bulkadek nerbio-seinaleak oztopatzen dituzte, eta ezgaitu egiten dute pistolaren bidez erasotua izan den pertsona.
Nafarroako hainbat udaltzaingok eta Guardia Zibilak erabilgarri daukate arma
Gero eta gehiago dira taser pistolak eskuratzen ari diren polizia-indarrak. Guardia Zibilak berriki banatu die arma hori hainbat lurraldetako agenteei, tartean, Nafarroakoei. Horretaz gain, Nafarroako hainbat herritako udaltzaingoek ere badute eskura baliabide hori: Azagran, Balterran, Cascanten, Faltzesen, Funesen, San Adrianen eta Zentronikon berriki lortu dute arma hori, eta, aurretik, Corellan (iaz) Iruñean (2022an) eta Azkoienen (2016an) egin zuten.
Ofizialki, behin bakarrik erabili dute taser pistola Nafarroan. Iruñean izan omen zen, joan den ekainean: gaixotasun mentalak dituen pertsona baten kontra erabili zuen arma udaltzain batek, agerraldi bat izan zuenean.
Bizkaian eta Araban ere hedatzen
Bizkaian zenbait udaltzaingok taser pistolak dituzte jadanik, hala nola Basaurin, Santurtzin eta Sestaon; eta badirudi Barakaldon, Durangon eta Trapagaranen ere ezarriko dutela neurria. Arabako hiriburuan ere jarri dute martxan prozesua, Gasteizko Udaltzaingoak pistola mota hori eduki dezan.
Ertzaintzako BIZKOR unitateek eskuragarri dute arma 2017tik. Adibidez, unitate horietako batek aurtengo martxoan erabili zuen taser pistola Astigarragan (Gipuzkoa), agerraldi psikotiko bat izan zuen pertsona baten kontra. Ertzainen esku-hartze bortitzean galdu zuen bizia gizon horrek: Poliziak emandako kolpeak zituen gorputz osoan, saihets-hezurrak hautsi zizkioten, urradurak egin zizkioten, eta taser pistolaren markak zituen.