AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Gran Época
2023/09/17 15:42

Langileen protestei eta lanuzteei errepresioz erantzun diete Ford eta General Motors enpresek. Amerikako Estatu Batuetan, 2019tik aurrenekoz, grebara jo dute automobilgintzako beharginek. Sektoreko hitzarmenari buruzko negoziazioetan ez dago akordiorik, eta greba deialdi bat egin du United Auto Workers (UAW) sindikatuak. Detroiteko Hiru Handietako langileek aldi berean greba egiten duten aurreneko aldia da; alegia, GM, Ford eta Stellantis enpresetako langileek.

Hiru enpresetako planta banatan ekin zieten lanuzteei aurreko ostiralean: Wentzvilleko (Misuri) GM-ko, Toledoko (Ohio) Stellantisko eta Michigango (Michigan) Fordeko lantokietan. Ford izan da lehenengoa langileen lanuzteen aurrean erantzuten: grebaren eraginez, Michigango plantako 600 behargin kaleratuko dituela ohartarazi du enpresak; behin-behinean, gutxienez.

Horretarako, grebak ekoizpenean izan omen duen eragina hartu du aitzakiatzat zuzendaritzak. "Michigango muntaketa-plantako karrozeriak eraikitzeko departamentuko eta estanpatze integratuko azpimuntaketarako hegoaldeko eremuko 600 langileri jakinarazi zieten irailaren 15ean lanera ez agertzeko. Kaleratze hori Michigan Assembly Planteko azken muntaketa eta pintura departamentuetako grebaren ondorioa da, 600 langile horiek eraikitako osagaiek elektromagnetikoki estali beharreko materialak erabiltzen baitituzte babesteko. Estaldura elektronikoa pintura departamentuan egiten da, eta greban dago", esan du Fordeko zuzendaritzak.

Baina ez da, grebaren ondorioz, kaleratzeak iragarri dituen erraldoi bakarra. GM-k are kanporatze masiboago bat egingo du Kansasen: 2.000 langile botako ditu. Kansasen egiten diren ibilgailuentzako pieza estanpatuak ekoizten dituzte Wentzvilleko plantan (ostiralean sartu zena greban), eta enpresako zuzendaritzak hori hartu du aitzakiatzat kaleratzeak egiteko: lanuzteen eraginez pieza horiek gabe geratzeak, Kansasko ekoizpena eta langileak arriskuan jarri dituela dio.

"Zoritxarrez, UAW-ko liderrek Wentzville Assemblyn greba deitzeko hartutako erabakiak domino-eragin negatibo bat izan du dagoeneko, eta espero da GM Fairfax Assemblyk Kansasen duen lantegia eta bertako 2.000 kideak ez-aktibo geratzea datorren astearen hasieran", adierazi du GM-k.

Langileek salatu dute, azken hamabost urteetan, etengabe murriztu dituztela euren soldatak automobilgintzan. Besteak beste, euren eskaeren artean daude datozen lau urteetan soldatak %46 igotzea, lanaldia murriztea eta bateriak ekoizten dituzten fabriketako beharginen sindikalizazioa bermatzea. 2019an izan zen sektoreko azken greba, itunari buruzko negoziazio bete-betean, orduan ere.

EZ DAGO IRUZKINIK