Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak aurreko astean ohartarazi zuen energia-enpresentzat mantendu nahi den "ezohiko zergaren ondorio larriei" buruz, La Vanguardia eta El Correo egunkarietan argitaratutako Industria edo populismoa artikuluan. Euskadi Buru Batzarreko buruzagi jeltzale ohiak adierazi duenez, neurriak "Espainiako energia-sektorean egiten den inbertsioa nabarmen geldiaraz lezake, milaka milioi euro beste herrialde batzuetara desbideratuz eta fintze industriaren iraunkortasuna arriskuan jarriz". Zergari eutsiz gero, "2030a baino lehen industriak zailtasun operatiboak izan ditzake", Imazen arabera, eta nabarmendu du horrek eragin negatiboa izango lukeela Espainiako Estatuaren "lehiakortasunean".
Bere
artikuluan, Imazek zergaren izaera "populista" kritikatzen du,
"aberastasuna sortzea eta kalitatezko enplegua zigortzen" dituela
argudiatuz. Bere ustez, "Espainia energia-inportazioen menpe
egotera behartu lezake" neurriak, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela zerga gutxiago izatea enpresentzat,
"industria-hazkundea" sustatzeko.
Kataluniako Foment del Treball patronalean ere egin ditu kritikak Imazek, eta "Repsolek Tarragonan egin nahi duen 1.000 milioi euroko inbertsioa babesteko" eskatu dio Generalitateko presidenteari. Halaber, Junts alderdiak ere zerga indargabetu dadila eskatu du, enpresa handiekin lerrokatuz. Imazek, gainera, mezu bat helarazi zion EAJren zuzendaritzari, esanez arreta industria-politikan jarri beharko litzatekeela, euskal ekonomiaren etorkizuna zuzenean lotuta baitago Alemaniako eta Frantziako Estatuko merkatuen bilakaerarekin.