Okupazioaren kontrako kanpaina gogor baten eta etengabeko eraso faxisten agertoki bilakatu da Bonanova (Bartzelona) azken asteetan. Auzoan, desalojo arriskuan daude Sareb sozietateari birjabetu eta zentro sozial bilakatutako bi eraikin: La Ruïna eta El Kubo. Oraingoz, dena den, desalojoa atzeratzea eta eustea lortu dute.
Horri lotuta ekin zioten okupazioaren kontrako kanpaina gogor bati Ciudadanos eta Vox alderdiek, eta, hauteskunde-kanpaina bete-betean, zehazki La Ruïna eta El Kubo jarri zituzten jopuntuan. Astero egin dituzte elkaretaratzeak, besteak beste, bi zentro sozialen hustearen alde eta okupazioaren nahiz "okupen" kontra.
Jazarpen kanpaina, Desokupa buru dela
Egoera horretaz baliatuta, ultraeskuineko beste zenbait sektorek, tartean Desokupa enpresa faxistak, bat egin dute jazarpenarekin. Hilabete honen hasieran, maiatzaren 11n bi zentroak hustuko zituela esan zuen Desokupak, baina faxistei aurre egitera deitu zuten auzoan, eta desalojoa atzera botatzea lortu zuten.
Desokupazio enpresak, ordea, erantzun zuen horren aurrean: "okupen kontra" mobilizatzera deitu zuen egun horretarako, eta deialdi faxistak babesa izan zuen Bonanovan. Errakik gogora ekarri duenez, Desokupak gidatutako kanpaina hori "Espainiako Estatuko faxisten mobilizazio bilakatu zen, alderdi politiko faxistak, futbol munduko ultra neonaziak, ultraeskuinarekin harremandutako kazetari eta eragileak eta abarrak mobilizatuz".
Desokupako Dani Esteve buru zela, bi eraikin okupatuen hustea eskatu zuten Bonanovan hilaren 11n, eta kantu nenonaziak nahiz agur faxistak ikusi ziren. Aldi berean, baina, faxismoaren kontrako eta bi zentro sozialei babesa emateko mobilizazio deialdi bat izan zen auzoan, egun berdinean. Polizia-indarrek gogor esku hartu zuten eta auzoa hartu zuten, bi manifestazioen arteko "talka ekiditeko".
Askotariko eraso faxistak eta mehatxuak
Azken asteetan, gainera, etengabeak izan dira La Ruïnan zein El Kubon jasandako askotariko erasoak: botila jaurtiketak, eraikinetako bati su emateko saiakerak, faxisten heriotza-mehatxuak, eta abar. Sare sozialen bidez, adibidez, ondoko mezuak jaso dituzte: "Bizirik erreko zaituztegu" edota "Sasikumeak, mingaina atera eta hobi komun batera sartuko zintuzketet".
Gaur eta bihar, mobilizazio antifaxistak eta faxistak
Bartzelonako hainbat kolektibok "faxismoaren hedapenari" aurre egitera deitu dute, eta mobilizazio bat antolatu dute gaurko, hilaren 23rako. Desokupak bi eguneko aldearekin deitu du mobilizatzera, ostegun honetarako. "Okupek alde egitea" eskatuko du berriz, eta deialdia babesa jasotzen ari dela dio Estevek: "Ehunka milaka bartzelonar eta katalan bertaratu daitezke kalera".
"Okupazioa sektore erreakzionarioen elkargune bilakatu da, eta Desokupa eta talde faxisten gidaritzak sektore horien erradikalizazioa dakar. Baina okupazioa ez da arazo bat, arazo bilakatu nahi dute", adierazi du Errakik, azken berrien harira.
Bihar, epaiketa
Eta bi mobilizazioen tartean, asteazkenean, Sarebek aurkeztutako salaketatik eratorritako epaiketa izango da Bartzelonan, La Ruïna zentroaren kontra. Ikusteke dago zer ebatziko den epaitegietan eta ebazpenak zentro sozialaren hustea ekarriko duen edo ez. El Kubori lotutako prozedura, kontrara, agortuta dago jada, eta berehalako huste arriskuan dago.