AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Raul Bogajo/Foku
2025/12/15 09:11

Berehalako kaleratze arriskuan dago Izarrako (Araba) familia bat, adin txikiko lau pertsona barne. Ostiral arratsaldean egin zuten agerraldi bat hainbat herritarrek, Etxegabetze guztiak gelditu! Ez zaituztegu bakarrik utziko lelopean, familia horren egoeraren berri emateko. Alokairuan bizi dira, etxejabearekin adostutako baldintza batzuetan, baina, egun batetik bestera, "akordioa arbitrarioki aldatu" du errentatzaileak, maizterrak arriskuan ipiniz. Desalojo-agindua jaso dute jada, abenduaren 18rako.

Prentsaurrekoan salatu zutenez, orain arte ere, "hainbat egoera irregular" jasan ditu familiak, eta beren "zaurgarritasunaz baliatu" da jabea. Nabarmendu zuten, gainera, familia etorkin bat izateak baduela zerikusia horretan guztian, etxebizitza eskuratzeko orduan pairatzen dituzten hamaika arazoak tarteko: "Pribilegio zuriaren ondorioz, filtro arrazistak jasan behar dituzte, ideia erreakzionario eta faxistak goraka doazen honetan". Ohartarazi zuten etxejabeek probetxua ateratzen diotela pertsona migratzaileen "egoera prekarizatuari", haien kontura irabaziak lortzeko eta etxebizitza bezalako oinarrizko beharrizan batekin negozioa egiteko.

Arriskuan dagoen familiarentzako etxebizitza-alternatiba "erreal" bat exijitu zuten ostiraleko agerraldian, eta ezinbestekotzat hartu zuten etxebizitza-eskubidearen alde lan egitea: "Etxebizitzaren gatazkan posizionatzeko garaia da, eta hala egingo dugu Izarran ere, klase-elkartasuna eta komunitatea oinarri izanda". Atzo arratsaldean egin zuten bilera bat Izarrako kultur-etxean.

EZ DAGO IRUZKINIK