Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan familia migrante bat etxegabetu dute gaur goizean, Bailen kaleko 29. atarian. Tartean dira lau hilabeteko eta lau urteko bi haur. Familia alokairuan bizi izan da orain arte, eta errenta guztiak ordaindu dizkio azpierrentatzaile bati. Baina, AZET etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, iruzur baten biktima izan delako galdu du bere etxea.
Azpierrentatzaileak ez dizkio familiak ordaindutako errentak jabeari helarazi, eta, hori dela eta, bera kaleratzeko prozesu bat jarri zuten martxan epaitegietan. Errealki, baina, bera ez da etxean bizi, gaur kanporatua izan den eta alokairua ordaintzen ari zen familia baizik. Azpierrentatzaileak ez zien kaleratze-prozesuaren berri eman: aurreko astean jakin zuten zein zen egoera, aurreneko etxegabetze saiakera bat jasan zutenean.
Etxe-kaleratzeari aurre egin dio AZETek, goizeko 09:30ean etxeko atari aurrean elkarretaratuta. Bilboko udaltzainak eta ertzainak bertaratu dira familia etxegabetzeko, eta indarrez bota dituzte protesta egiten ari ziren pertsonak. Azkenean, kaleratzea gauzatzea lortu du Poliziak.