AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/18 10:45

Familia bat etxegabetu zuten atzo Azkoitian (Gipuzkoa): 49 eta 80 urteko bi emakume eta andreetako baten bost seme-alaba kanporatu dituzte euren etxetik. Pisu batean alokairuan bizi izan dira orain arte, baina ezin diote kostuari aurre egin. Alokairua ordaindu ezinda, etxetik bota eta kale gorrian utzi dituzte. Etxegabetua izan den emakumeetako batek Maxixatzen hedabideari jakinarazi dionez, ez daukate nora joan.

Emakumeak azaldu du behin eta berriz jo duela Azkoitiko Udalarengana (EAJ) eta gizarte-zerbitzuengana, baina ez duela horien inolako babesik jaso. Gutxienez, familiaren egoerari buruzko txosten bat egin dezala eskatu dio udalari, beharrezkoa baita gero Caritasera edo Eusko Jaurlaritzara jo ahal izateko. Udalak, baina, ez dio inolako "laguntzarik" eman familiari.

Etxebizitza-alternatibarik ez

Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak salatu du aspalditik dutela egoeraren berri bai udalak bai gizarte-zerbitzuek, baina ez dutela "beharrezko neurririk hartu", "soluzio erreal bat emateko". Atzo bertan, etxegabetzearen berri izan bezain pronto, gizarte-zerbitzuetara joan ziren Etxebizitza Sindikatuko hainbat kide, kalean geratu zen familiarentzat "kalitatezko alternatiba bat exijitzeko". Erantzuna, ordea, berdina izan zen: ez diete inolako bizitoki-alternatibarik ziurtatu.

Hala, udalaren eta gizarte-zerbitzuen jarrera gogor salatu du sindikatuak, eta etxegabetze guztien berehalako etetea exijitu du. Horren alde lanean eta borrokan jarraituko duela adierazi du.

EZ DAGO IRUZKINIK