Gaur, azaroaren 12an, familia bat etxegabetu dute Astrabuduan (Erandio, Bizkaia). Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asteburuan eman zuen kasuaren berri: 70 urteko andre batek 7.000 euro eskatu zizkion bere garaian mailegu-enpresa bati, baina iruzur egin zioten mailegu-emaileek, besteak beste, bere etxea abal modura jartzera behartuta.
Horren ondorioz galdu du etxebizitza emakumeak, eta gaur bota dituzte bertatik bera eta bere biloba. %69ko desgaitasuna eta 700 euroko alarguntasun-pentsio bat ditu andreak.
Etxegabetzearen kontrako protesta eta Ertzaintzaren kargak
Egoeraren berri izatean, etxegabetzeari aurre egitera deitu zuen Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hala, gaur goizean, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakira bertaratu dira hainbat eta hainbat lagun. Etxebizitza eskubidearen defentsan, kaleratzea gelditzeko asmoz elkarretaratu dira bertan.
Ertzaintza, baina, gogor oldartu da haien kontra: indarrez kanporatu ditu protesta egiten ari ziren pertsonak, eta zenbait zauritu ditu. Gero, polizia-lerro bat osatuta, atarira sartu da. Etxegabetzea 10:30erako ezarrita zegoen arren, Polizia 09:00ak ere ez zirenean hasi da kargatzen, segizio judiziala iritsi gabe zegoenean.
Protesta modu bortitzean desegin ostean, Ertzaintzak atxilo eraman ditu bertan zeuden bi gazte. Horietako bat osasun-etxera eraman behar izan dute lehenengo. Polizia-lerroaren kanpoaldean zeudenen kontra ere kargatu dute ertzainek.
Segizio judiziala eta sarrailagile bat 10:45ak igarota heldu dira Aldaieta Bidera, kaleratzea burutzeko asmoz; Poliziak babesturik, eta protestan ari zirenen oihuen artean. Jende ugari bildu da inguruan, etxe-kaleratzearen kontra.
Handik orduerdi ingurura hasi dira etxe barruan zeuden pertsonak kanporatzen. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak bota dituzte lehenengo. 11:30ak baino lehen, kale gorrian utzi nahi izan duten familia ere aterarazi dute bere etxetik segizio judizialak eta Poliziak, sarraila aldatuta.
Elkarretaratzea gaur iluntzean
Uribe Kostako Kontseilu Sozialistak kontzentrazio bat antolatu du gaur iluntzerako, 19:00etan, Astrabuduako Josu Murueta Plazan. Etxegabetzea salatzeko eta kaleratutako familiari eta atxilotuei elkartasuna adierazteko mobilizatuko dira, baita Erandioko Udalaren difamazio saiakerak gaitzesteko ere.
⚠️ Astrabuduan, gaurko dago ezarrita andre baten eta bere bilobaren etxegabetzea. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak (@Kontseilua_UKo).
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) November 12, 2024
Goizean goiz bertaratu dira hainbat lagun etxegabetzea geratzeko asmoz. Polizia ere bertan da. pic.twitter.com/PsGtOtkiab