Udal etxebizitza batetik familia bat kanporatu du berriki Sestaoko Udalak (EAJ). Adin txikiko hiru pertsona dira familian, eta udalak ez die inolako bizitoki-alternatiba egonkorrik bermatu: behin-behineko bizileku bat eskaini die 30 egunerako, baina, horren osterako, erabat ziurgabea da familiaren egoera.
Ohar labur bat argitaratu du udalak, etxegabetzea justifikatzeko. Esan du familiari "alokairu-kontratua ez berritzeko erabakia" hartu duela, bost urte omen zeramatzalako errenta, argindarra edota komunitate-gastuak ordaindu gabe. Kaleratzea arrazoitzeko, etxebizitzan bizitzen izan den familiak kalteak eragin dituela ere erabili du aitzakiatzat udalak.
Bide judizialera jo zuen EAJ buru duen udal gobernuak, etxegabetzea eskatzeko. Arrazoia eman dio auzitegiak, eta ontzat eman du kaleratze-eskaera.