AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra Televisión
2025/03/20 09:17

Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako langileek fabrikako sarrera blokeatu zuten atzo goizean, ekoizpenerako materiala sartzeko eta lantokian ekoitzitako produktuak ateratzeko asmoz bertaratutako kamioiei bidea ixteko. Eserialdi baten bidez blokeatu zuten kamioien joan-etorria, lantegiaren berehalako itxieraren aurka protesta egiteko eta horren inguruan izaten ari diren elkarrizketetan parte hartzea exijitzeko. Foruzaingoak banan-banan eta indarrez atera zituen beharginak, enpresako zuzendaritzaren mesederako.

Langile-batzordeak azaldu zuenez, Madrilen elkarrizketa-mahai bat sortu zuten Espainiako eta Nafarroako gobernuek eta multinazionaleko zuzendaritzak, Ezkirozko itxieraren inguruan hitz egiteko. Enpresak, baina, betoa jarri dio langileen ordezkaritzari, eta ez die elkarrizketetan izaten utzi. "Egoera honen biktimak gu gara, eta gure etorkizunaren inguruan hitz egingo den foroan parte hartu behar dugu", diote. 700 bat langile dira plantillan (baita zeharkako 400 inguru ere), eta zuzendaritzak datorren ekainean zarratu nahi du fabrika, iazko abenduan jakinarazi zuenez.

Gasteizko SDA Factoryren itxiera ere berehala etorriko da

Lehen Alemaniako BSH multinazionalaren jabetzakoa zen beste lantoki bat ere, Gasteizko (Araba) SDA Factory hain zuzen (B&B Trends taldeak erosi zuen 2019an), berehalako itxiera arriskuan dago. Fabrika zarratzeko eta 55 langileak kalera bidaltzeko enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu zuen enpresako zuzendaritzak, eta akordiorik gabe amaitu da kontsulta-aldia.

Beraz, aurrera egingo du itxierak eta plantilla osoaren kaleratzeak, eta Soldatak Bermatzeko Funtsera (FOGASA) jo beharko dute beharginek: soldatak zor dizkiete iazko abendutik, eta kaleratzeengatiko kalte-ordainak kobratzea ere ez daukate ziurtuta. Erakunde publikoak erantzule modura seinalatu dituzte, "bizkarrean zapladatxo asko eman dituztelako, baina laguntzarik ez".

Greba mugagabea Laudioko Aiala Vidrion

Laudioko (Araba) Aiala Vidrio enpresan, bestalde, greba mugagabea hasiko dute gaur. Izan ere, enpresako zuzendaritzak berriki adierazi dio langile-batzordeari azpikontratatu egingo duela bidalketen eta barne-garraioaren zerbitzua, eta bertako langileen aurkako erasotzat jo dute hori sindikatuek, hamahiru langile kanporatzea ekarriko baitu. Aiala Vidrioko zuzendaritzak Adecco Oursourcing enpresa azpikontratatuko du zerbitzu hori emateko, eta bere esku geldituko dira aipatutako hamahiru beharginak.

EZ DAGO IRUZKINIK