Ustezko "mehatxu terroristak" aztertzen ditu urtero Europol Europar Batasuneko nazioarteko polizia agentziak TE-SAT (Terrorism Situation and Trend Report) txostenean, indar errepresiboen barruan martxan diren ikerketa-lerroen inguruko aztarnak erakutsiz. Izatez, atxiloketak eta "ekintza terroristak" erregistratzeaz gain, antolakunde zein mugimendu zehatzak ere seinalatzen dira bertan. Erakunde komunistak, zehazki, "terrorismo ezkertiar eta anarkista" kategoriaren baitan kokatzen dituzte, "estatu baten sistema politiko, sozial eta ekonomikoaren aurkako iraultza bortitza piztu, sozialismoa txertatu eta klaserik gabeko gizarte komunista ezarri nahi dutelako".
2022ko txostena argitaratu dute joan den asteazkenean. Bertako gako nagusietan, "gero eta kezkatuago" ageri dira "ezker muturraren eta anarkisten eszena" dela-eta, haien ustez, "biolentziarako joera handitzen" ari omen delako bertan. Eta ez hori bakarrik: "Ezker muturreko biolentoek eta anarkistek Europar Batasuneko ordena publikoaren aurkako mehatxua izaten jarraitzen dutela" nabarmendu dute, izan ere, "haien aurkari politikoen eta poliziaren kontra indarkeria erabiltzea" egozten diete taldeoi. "Gainera, jabetza publiko zein pribatuaren aurkako kalte material handiak eragin dituzte, milioika eurokoak", jarraitzen du testuak.
Euskal Herrian, "mehatxu berriak"
Euskal Herriko egoera politiko garaikideak arreta deitu zion Europar Batasuneko poliziari joan den urtean. Honela dio 2021eko txostenak: "Talde separatistek iniziatiba baketsuetarako deia egin badute ere, badirudi beste zenbaitek narratiba biolentoagoak lehenesten dituztela, eta ondorioz, ekintza biolento ugari gauzatu dituztela, Espainiako eszena separatistan taktika oldarkorragoetarako aldaketa islatuz".
Gehiago zehaztuta, "espetxeratutako ETAko kideen amnistia osoa eskatzen jarraitzea" nabarmentzen da ezaugarri modura, "Espainiako separatismo" gisa identifikatzen duten espektro zabalaren barruan. Hala ere, sektore horiek "beren oinarri soziala zabaldu dutela" dio, "ezker muturreko aktibisten zirkuluen funtsezko aldarrikapenak gehituz". Horrek, euren esanetan, "erakunde separatisten eta ezker iraultzailearen arteko harremana" adieraziko luke.
Taldeak eta egiturak
Ikertutako zirkuluak "hiriguneetan eta haien inguru metropolitarrean" kontzentratzen direla dio 2022ko TE-SAT txostenak. Ideologia marxista-leninistaren barruan kokatzen dituzte "ezkerreko estremistatzat" jotzen dituzten talde zein norbanako gehienak. Honela definitzen dituzte: "Aldaketa iraultzailea nahi dute indarrean den sistema ekonomiko zein politikoan, kapitalismoari alternatiba sozialista gainjarri nahi diote, komunismora heltzeko". Horretarako, "egituratutako taldeetan" antolatzen direla nabarmentzen du, "askotan, lidergo nabarmenekin".
Finantzazioa eta okupazioa
Aipatutako taldeen finantzaziorako, "funts-bilketak, dohaintzak, musika kontzertuak, kideen kuotak edota liburu, aldizkari zein bestelako materialaren salmenta" baliatzen direla dio ikergune polizialak. Bestalde, jakitun dira azpiegituren okupazioak mugimendu iraultzaileentzat duen garrantziaz. "Errepresiotik eta kapitalismotik babesteko komunitateak ezartzeko" balio dutela identifikatzen dute agenteek. "Aldi berean, ezkutatzeko eta jarduera kriminaletarako basetzat erabiltzen dituzte anarkistek zein ezkerreko estremistek", gehitzen dute.
Poliziaren inteligentziak okupazio taktiken inguruan ikertu duela nabari da: "Alokairu-akordioak agortzea, jabetzen salerosketa unea edota auzoen berregituratze-planak izaten dira okupazioetarako agertoki aproposenak", dio inteligentzia organoak. Gobernuek desalojoak gauzatzen dituztenean, berriz, "muturreko bortizkeriazko erantzunak" antolatzen omen dituzte aipatutako taldeek. "Horren helburua (kasuan kasuko jabetzaren inguruko) erabaki politiko zein komertzialak baldintzatzea da", ondoriztatu du Europolek.
Koiunturaren garrantzia
Alokairuko etxebizitza eskuragarrien eskasiak edota prezioen gorakada izugarriak protestak sor ditzaketela aurreikusita, zera dio Europolek: "Protesta horiek sarritan ezker muturreko taldeek antolatzen ez dituzten arren, gai dira beren agenda bertan zabaldu eta poliziaren aurkako indarkeria eragiteko". Hori "aginte politikoarekiko eta sistema judizialarekiko haserrean" islatuta ikusten dute, baina baita "espetxeratzeen aurkako eta mundu osoko presoen aldeko narratibetan" ere, "poliziaren basakeriaren pertzepzioaz" gain.
"Segurtasun kontzientzia handia"
"Ezker mutur biolentoaren eta anarkismoaren esparruak segurtasun kontzientzia handia erakusten du", ziurtatzen du poliziak taldeon segurtasun-irizpideei buruz. Ziurtatzen dutenez, "errepresioa saihesteko prebentziozko neurri ugari hartzen dituzte". Gainera, "informatikaren inguruko jakintza ona duten arren, ezkerreko estremistek tresna teknologikoen erabilera ahalik eta gehien murrizten dute, polizia agentzien detekzioa eta infiltrazioa saihesteko".
Propaganda
Online propaganda bi esparrutan kokatzen dute: batetik, "ezker muturreko web-orri eta blogetan", eta bestetik, "komunikabide sozial eta web-foroetan". Azken horietan "sarbide mugatuko taldeak" osatzen direla identifikatu dute, "martxan den planifikatutako jarduera eztabaidatzeko". Internetetik kanpo propaganda iraultzailea zabaltzeko ohiko espazioak "gazteen zentroak, unibertsitateak, ikasleen klubak, sindikatuen egoitzak, futbol zelaiak, kirol klubak, tabernak, jatetxeak, kontzertuak, manifestazioak eta dantzalekuak" direla identifikatzen dute. Materialari dagokionez, "kartel, eskuorri, aldizkari eta pegatinei" erreparatzen die poliziak, "jabego pribatu zein publikoetan egindako pintaketez gain".
Sareko jarduerak gero eta garrantzia handiagoa duela aitortzen duen arren, poliziak badaki kontaktu pertsonalek eta bilera fisikoek oraindik "faktore garrantzitsua" izaten jarraitzen dutela mugimendu iraultzaileetan, "segurtasun maila altuagatik eta anonimoki jarduteko borondatearen ondorioz". Helburuei erreparatuz, "antzeko pentsaera izan dezaketen gazteengana" hurbiltzen direla diote, eta askotan, "antzeko inguruetan jarduten duten eragile aktiboengana".
Nazioarteko saretzea
Europar Batasuneko poliziek beldurra diote "ezker muturreko" taldeen nazioarteko aliantzari, eta argiki adierazten dute: "Atzerriko talde estremisten eboluzioa indar motrizea izan ohi da elkartasun kanpainak eta haiei dagozkien ekintza estremistak Europar Batasunaren barruan gertatzeko". Erakunde jakin batzuek besteengan "eragin negatiboa" izan dezaketela azpimarratzen dute.
Hori guztia "kanpainetan" sumatzen dute oraingoz, "atzerriko ezker muturreko norbanako zein taldeekin elkartasunez erasoak gauzatzen dituztenean". Gisa horretako kanpainak "sarean sustatzen direla" susmatzen du poliziak, hau da, "talde jakin batzuek ekintzarako deia zabaltzen dute, beraien antzera pentsatzen dutenek ekintzen bidez haien kausa babestu dezaten".
COVID-19aren pandemiaren sasoiko neurri murriztaileen ondorioz, eragile zein norbanako iraultzaileen bidaiak mugatu egin zirela antzeman zuten. "Hala ere, mugimendu horietako norbanako ugarik bidaiak egin zituzten Europar Batasunean barrena, euren ildoko eragileekin manifestazioetan, kontzertuetan edota iritzi-eraikuntza jardueretan parte hartzeko". Europan, talde iraultzaileen nazioarteko harremanek "zonaldeko edo hizkuntzaren araberako dimentsioa" dutela uste dute. Zentzu horretan, Frantziako eta Espainiako estatuetako, Italiako eta Greziako zirkuluek "gertuko harremanak" sustatzen dituztela ziurtatzen du txostenak.
Pandemia
COVID-19aren izurrite testuinguruak eta Europar Batasuneko gobernuek ezarritako salbuespen neurriek, bereziki, "anarkisten eta ezker muturreko eragileengan eragin nabaria" izan dutela hauteman du poliziak. Nabarmenenak, "mugikortasunerako trabak, ekintzak antolatzeko zailtasunak, diru-bilketarako oztopoak eta biltzeko aukerak deuseztatzea".
Hala ere, polizia bera ere nahiko harrituta geratu da "ezker muturreko" eszenak, edo haren zati batek bederen, neurri murriztaile horien aurrean hartutako jarrerarekin: "Ezkerreko estremismoak tradizionalki Estatuari eta haren politikei aurre egiten die, bereziki izaera murriztailea dutenean". Bada, COVID-19aren aurrean hartu ziren neurriekin, "talde zein norbanako batzuk, paradoxikoki, Estatuaren aldamenean jarri ziren, eta neurriak babestu zituzten", seinalatzen du ikerlanak.
Kontrara, "beste batzuk argi eta garbi eskubideen murrizketaren aurka azaldu ziren, izan itxialdiak, distantzia soziala, jarraipenerako aplikazioak edota txertaketa frogatzen zuten ziurtagiriak". Halako fenomenoen aurka antolatutako ekintzei esker, "ezker muturreko taldeek etekin politikoa atera" dutela ondorioztatu du Europolek, izan ere, "haien aldarrikapenak ikusgarriagoak izan ziren itxialdien eta bestelako neurrien erdian".
Horien artean, indar polizialen ikerketa unitateek bereizketa diskurtsibo zehatzagoak ere identifikatzen dituzte: "Zenbait taldek pandemia kapitalismoari eta aldaketa klimatikoari egozten zioten bitartean, beste batzuek gobernuek askatasunak murrizteko eta militarizazioa areagotzeko abiarazitako estrategia baten barruan kokatzen zituzten salbuespen neurriak".