Bilboko (Bizkaia) Gazte Koordinadora Sozialistak iazko ekainean salatu zuen, Ezker Abertzalearen ekimenez, Deustuko jaietan txosna bat jartzea ukatu ziola Deustuko Jai Batzordeak GKSri. Berriki azaldu dutenez, Ezker Abertzaleak GKSren parte-hartzea debekatzen jarraitzen du Deustuko Jai Batzordean, "arrazoi politikoetan oinarritutako beto baten bidez". GKSko kideek "gatazka alde batera uzteko borondatea" erakutsi duten arren, "beto politikoa inposatzeko erabakia berretsi du" Ezker Abertzaleak.
GKSk gogorarazi du iazko otsailean egin zuela Deustuko Jai Batzordean parte hartzeko proposamena, baina ez zuela inolako erantzunik jaso hurrengo hilabeteetan. "Jai Batzordearekin harremanetan jartzeko zailtasun ugari jarri zizkiguten", esan du: "Eztabaidarako aukera une oro ukatu dute, gure proposamena bileretan aurrez aurre adierazteko oztopoak baino ez baititugu jaso bueltan, eta [Jai Batzordean] sarbidea egiteko prozeduraren inguruko informaziorik ere ez zaigu helarazi". Gainera, bitartean, Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren kontrako "difamazio kanpaina politiko zein pertsonala areagotu" zuen Deustun.
Lau hilabete eta gero jaso zuten erantzun bat GKSko kideek, idatziz: festetan parte hartzeko aukera ukatu zieten, "Ezker Abertzaleko eragileek bultzatuta eta beste eragile eta hainbat auzokideren borondatearen aurka". "Ordutik, Ezker Abertzalea erabakia ezkutatzen ibili da, horren inguruko azalpenik edo adierazpenik ez baitu egin", gaineratu du GKSk.
Argudio faltsuak
Beto politikoa justifikatzeko erabilitako argudioak "gezurretan oinarritzen" direla salatu du GKSk. "Batetik, une oro errespetuzko harremanak eta jokaerak izan ditugu parte hartutako espazio irekietan. Bestetik, Bilboko beste hainbat auzotako jaietan parte hartzen dugu GKSko kideok: San Inazion, Errekalden eta Iralan, zehazki. Horietan guztietan nahiz Deustuko jaietan, lan konprometituaz gure ekarpena egin dugu jaietan, inolako oztoporik eragin gabe", sakondu dute. Beraz, GKS Deustuko Jai Batzordetik kanpo uzteko erabakia "erabat arbitrarioa" dela nabarmendu du.
Arrazoi politikoak erabakiaren atzean
Beto politikoak "espazio publikoaren erabilera pribatiboa" dakarrela uste du GKSk: "Espazio publikoaren aldeko erretorika hutsa darabilten horiek dira berau pribatizatzea bultzatzen ari direnak". Horren oinarrian "arrazoi politiko eta ideologikoak" daudela ohartarazi du, gainera. "Ezker Abertzalearen estrategia politikoarekin bat ez egitea da beto politikoa inposatzeko arrazoia", seinalatu du.
GKSri iaz ezarritako beto politikoak, hortaz, indarrean jarraitzen du Deustun, eta Jai Batzordean haien "proposamena argudiatzeko eta eztabaidatzeko aukera ukatu" diete GKSko kideei.
"Auzoko jaietan parte hartzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, independenteki antolatutako aisialdiaren eta jaien alde", aldarrikatu dute. "Ez dugu beto politikorik ez eta espazio publikoaren pribatizaziorik onartuko", diote. Hala, beto politikoa bertan behera utz dezala exijitu diote Ezker Abertzaleari.