AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/01 10:59

Aliantza Atlantikoa seinalatzeko eta gerrari lotutako basakeria kapitalista salatzeko, mobilizatzera deitu dute hilabete honetan Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. Asteburu honetarako hiru manifestazio antolatu dituzte, NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean. Atzo izan zen aurreneko hitzordua Baionan (Lapurdi), eta gaur, berriz, Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) izan dira mobilizazioak.

"Premiazkoa da kapitalisten gerra salatzea eta gure bloke inperialista zein bere buruzagitza militarra seinalatzea", adierazi dute Kontseilu Sozialistetako kideek manifestazioen amaieran. Aurretik egin bezala, zazpi aldarri konkretu egin dituzte "nazioarteko eskalada belikoaren gorakada" bete-betean:

  1. Gerra inperialistari ez. NATOri ez.
  2. Gerra ekonomikoari ez.
  3. NATOren lurralde hedapenari ez.
  4. Gerra-politiken etetea. Armen bidalketari ez. Aurrekontu militaristei ez.
  5. Mendebaldeko oligarkiak proletalgoaren aurka martxan duen ofentsiba ekonomikoari ez.
  6. Manipulazioari eta komunikabideen nahiz kazetarien zentsurari ez. Informaziora sarbidea izateko askatasuna.
  7. Eskubide zibilen eta politikoen murrizketari ez. Proletalgoaren kriminalizazioari ez. Komunismoaren ilegalizazioari ez.
  8. Nazismoaren aurpegi zuriketari ez, ez Ukrainan ez beste inon.

Heriotzera bultzatuak

"Azken hamarkadetan Europan izan den nolabaiteko bake egoeraren ondoren, gerra berriro ere presente dago gure egunerokoan", azaldu dute Kontseilu Sozialistek. "Gerra inperialista gure ateetaraino ekarri dute", hain justu, "Mendebaldeak Euromaidanaren bitartez bultzatu zuen estatu-kolpeak, zeinari Donbasseko Herri Errepublikek zortzi urtez aurre egin dioten" eta, "ondoren, NATOren ekialderanzko hedapenari erantzunez, Errusiako klase kapitalistak Ukrainan bultzatutako esku-hartze militarrak".

"Kapitalismoa krisi betean dagoen une honetan irabazi ekonomikoak handitzeko helburuz, elite oligarkikoak milioika proletario heriotzera bultzatzen ari dira"

Kontseilu Sozialisten esanetan, gatazka horietan guztietan "bai ala bai langile klasea izango da galtzaile, eta, batez ere, gerra-eremuko protelariotza; ihes egiteko baldintza ekonomikorik gabe, lubakietara bultzatu edo etxetik indarrez kanporatu dutena". "Kapitalismoa krisi betean dagoen une honetan irabazi ekonomikoak handitzeko helburuz, elite oligarkikoak milioika proletario heriotzera bultzatzen ari dira", salatu dute.

NATO indartzeko mugimenduak eta azpiratzea

"Mundu mailako hegemonia ziurtatzeko helburuz, Mendebaldeko oligarkia bere aparatu politiko-militarra berrarmatzen hasi da: NATO. AEBak buru dituela, gerrarako jarduna indartu du", ohartarazi dute Kontseilu Sozialistek. Horren adibide modura aipatu dituzte "Ukrainako gorakada belikoa, Txina edo Errusia bezalako bloke geopolitikoekiko gerra ekonomikoaren hedapena, kide diren herrialdeen gastu militarraren hazkundea, eta eskala handiko gerrarako prestaketa".

"NATOren estrategia auzitan jartzetik urrun, Europako egitura politikoen integrazioa erabatekoa da; baita Mendebaldeko oligarkiarekiko eta AEBekiko subordinazioa ere"

"NATOren estrategia auzitan jartzetik urrun, Europako egitura politikoen integrazioa" eta "Mendebaldeko oligarkiarekiko eta AEBekiko subordinazioa" erabatekoak direla nabarmendu dute Kontseilu Sozialistetako kideek.

Bestalde, tokian tokiko sozialdemokrazia ere jarri dute jopuntuan Kontseilu Sozialistek: "Gogora dezagun, esaterako, Espainiako Gobernuak aurrekontu militarra %25,8 igo duela 2023rako, inbestidurako blokearen babesarekin. Beren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ere, eskuinarekin batera, NATOren estrategia militarista onartu dute, tartean, Unidas Podemosek eta EH Bilduk". "Orain oinarri elektorala lasaitzeko gerraren aurkako posizio bat antzezten duten arren, une erabakigarrietan gerra bultzatzen ari dira, eta horretan jarraituko dute", gehitu dute.

"Beren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ere, eskuinarekin batera, NATOren estrategia militarista onartu dute"

Ondorio ekonomikoak eta gerraren errelatoa

"Gerra-eremuan ez ezik, gu ere ari gara jasaten Ukrainako gerraren ondorioak", esan dute Kontseilu Sozialistek. "Irabaziei eusteko helburuz, Europako oligarkiak gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartu du", azpimarratu dute: "Interes tasen igoera, energiaren eta beste oinarrizko produktu askoren prezioen gorakada, zerbitzuen murrizketak, eta abar". Kontrara, "banku handien, energia-enpresen eta multinazional handien azken urteko irabaziek" gora egin dutela oroitarazi dute.

"Irabaziei eusteko helburuz, Europako oligarkiak gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartu du"

"Gerraren ondorioak", baina, ez dira "soilik ekonomikoak eta militarrak", Kontseilu Sozialisten arabera: "Informazioa kontrolatzera eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzera bideratutako erasoaldia bultzatu dute Europar Batasunak eta haren gobernuek, komunikabideen blokeoarekin edota ikuspegi kritiko batetik informatzen zuten pertsonen eta eragileen jazarpenarekin ikusi dugun bezala".

Gogoan izan dute, hala, Polonian preso daukaten Pablo Gonzalez kazetari nabarniztarra. "Pabloren askatasuna exijitzen dugu, eta bere egoeraren erantzule nagusi gisa seinalatzen ditugu NATOren gezi-punta berria den Poloniako Estatua, Europar Batasuna eta Espainiako Gobernua", argitu dute Kontseilu Sozialistek.

"Pabloren askatasuna exijitzen dugu, eta bere egoeraren erantzule nagusi gisa seinalatzen ditugu NATOren gezi-punta berria den Poloniako Estatua, Europar Batasuna eta Espainiako Gobernua"

"Gerrak langileon eskubide zibil eta politikoen galera dakar, eta Estatuaren autoritarismoa indartzen du. Ikustea besterik ez dago nola ari diren Mendebaldeko komunikabideak erregimen ukrainarraren parte diren sektore nazien aurpegia zuritzen, baita oposizioko alderdiak eta komunismoa bera ilegalizatu dituen Ukrainako Estatua eredu gisa aurkezten ere", gaineratu dute Kontseilu Sozialistetako kideek.

Bakearen bermea

"Gure klasea hildakoak jartzen ari da berriz ere, kapitalisten arteko lehia honetan enpresari handiak aberastu daitezen", jarraitu dute Kontseilu Sozialistek asteburu honetako manifestazioen bukaeran. "Gerra honetan irabazteko ezer ez duen bakarra proletariotza" dela nabarmendu dute berriz, eta horregatik jo dute ezinbestekotzat "nazioartean sozialismoaren aldeko indar iraultzaile gisa antolatzeko prozesuari gure ekarpena egiten jarraitzea".

"Sozialismoa da nazioarteko bakea ziurtatzeko berme bakarra, ezingo baitugu sekula bakerik erdietsi etengabe gerra sorrarazten duen sistema kapitalista gainditu ezean", ondorioztatu dute.

"Gerra honetan irabazteko ezer ez duen bakarra proletariotza da. Horregatik da beharrezkoa Europa osoan sozialismoaren aldeko indar iraultzaile gisa antolatzeko prozesuari gure ekarpena egiten jarraitzea"



EZ DAGO IRUZKINIK