AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/22 16:46

PDF euskaraz - PDF en castellano

Emakume bat prostituitzera eraman dezaketen arrazoiak eztabaidagai daude egun, erregulazionistak eta abolizionistak aurrez aurre jarri dituen auzi batean. Emakumearen sexualitatearen gaineko erabaki askea batetik, eta prostituzioan bizirauteko modu bakarra ikusten dutenen muturreko egoera bestetik, edota emakumeak zuzenean horretara behartzen dituen salerosketa edo hertsadura. Zein da zure esperientzia pertsonala?

Arrazoiak ez daude eztabaidagai, abolizionismoak arrazoi horiek errotik aztertzen ditu. Emakumearen sexualitateak ez du garrantzirik prostituzio-sistemarentzat, sistema horrek emakumearen desira eta sexualitatea baliogabetzen ditu eta, gainera, horretan oinarritzen da. Emakumeek desioa eta sexualitatea baliogabetuta ez badituzte, sistemak ezingo ditu erabili. Ni prostituzio-sistemara iritsi nintzen sexu-askatasunerako nire eskubidea ezagutu gabe. Eskubide horrek adostasuna eta elkarrekiko desioa dakartza berekin, eta zure askatasunak eta eskubideak zein diren ez badakizu, hark nahi bezala egiten zaitu sistemak.

Emakumeak prostituziora iristeko funtsezko arrazoia da haiek prostituitzeko prest dauden gizonak daudela, emakumeak erosteko eta saltzeko prest dauden gizonak. Gero eta handiagoa da prostituzio eskaria eta erantzun egin behar zaio, eta eskaera hori, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeekin baino ezin daiteke bete.

Gero eta gizon gehiago daude prest emakume baten baimena diruarekin erosteko, eta, beraz, baimen hori baliogabetuta dago; ezin daiteke aukera askeez hitz egin botere-testuinguru horretan. Gizon horiek gu erosteko eskubidean sinesten badute, nola nahi dugu gu, emakumeok, parekotzat ikustea? Merkantzia baino ez gara haientzat, erosi, erabili eta baztertu beharreko gorputzak.


"Nola eraikitzen den prostituta bat" landu duzue zuen hitzaldietan. Beraz, eraikuntza sozial bati buruz hitz egin dezakegula ulertzen dugu; formazio sozial baten barruan, puzzle baten parte den pieza bati buruz. Zein da prostituta baten funtzioa? Nola eraikitzen da prostituta bat eta zertarako?

Prostituzioa bizi garen gizarte patriarkalaren baitan ematen den sexualitate-ereduaren ondorio bat da, beraz, guztiz matxista eta misoginoa da, eta emakumeon gorputzarekin nahi dutena egin dezaketela uste duten gizonen nahiak baino ez ditu kontuan hartzen. Prostituitutako emakumearen eginkizuna da gizonaren nahiak betetzea; gizontasunaren ideia eta ikuspegi horretatik ezartzen diren botere-harremanak indartzea; eta, ondorioz, patriarkatua sendotzea.

Emakumeak puten eta santuen artean bereizten dituen banaketa historikoak funtzio soziala betetzen du patriarkatuaren barruan, gizonen nahietara azpiratzen baikaitu. Izan ere, gogorarazi nahi dut sexu-harremanak ez direla beharrizan bat, desio bat baizik; eta beraz, ez da emakumeok asebete behar dugun gizonezkoen eskubide bat.


Prostituzioa despenalizatzea eta lan harreman modura aitortzea politika eredugarritzat jotzen dute herrialde nordikoei begira daudenek. Haien burua ezkerrekotzat izendatzen duten sektoreetatik jaurtitzen den salbamendu-txalekoa da, zeintzuek prostitutek bizi duten lan egoera esklabista aitortu arren, gutxi sakontzen duten prostituzioaren legeztatzeak irekitzen duen eszenatokiaren auzian.

Suedia izan zen lege abolizionista onartu zuen lehen herrialde nordikoa, 1999an. Ondoren, beste herrialde batzuek jarraitu zioten: Islandiak, Kanadak, Singapurrek, Hego Afrikak, Hego Koreak, Ipar Irlandak, Norvegiak eta Frantziak, hain zuzen. Gainera, Europako Parlamentuak 2014an eskatu zien estatu kideei antzeko arauak ezar zitzaten, eta gaur egun, abolizionismo berrian oinarritutako lege-proiektuen inguruan eztabaidatzen ari dira Irlanda eta Eskozia.

Metafora erabilita eta nire esperientzia pertsonaletik, nire ustez, zulatutako salbamendu-txalekoa da. Ni B planean nago orain, etxeko langile modura egiten dut lan, eta bizi ditugun bidegabekerien artean, ez dugu langabeziarako eskubiderik. Nire ustez, emakumeen esplotazioa eta lan-prekarietatea hainbeste ardura bazaigu, emakume guztien lan aukerak berdinak izan daitezen hasi beharko genuke lan egiten, prostituzioa lan aukeratzat hartu ez dadin; izan ere, emakumeon aurkako indarkeria eta esplotazio modu bat da. Beraz, esaterako, etxeko langileen lan prekarietatea amaitu dadin borrokatzen ez bada, B plan hori behera erortzen da eta prostituziora itzuli beharrean aurkitzen gara berriro.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea prostituzioa erregularizatu den herrialdeetan hazi egin dela negozioa, bai legezkoa baita legez kanpokoa ere. Eta, jakina, areagotu egin da emakumeen salerosketa. Hori da legeztatzeak uzten digun eszenatokia.


Despertsonalizazioa, instrumentalizazioa, esplotazioa... Eragiten du prostituzioak emakume baten sexualitatean eta psikologia afektiboan? Aldatzen ditu?

Prostituzioak ez du nire sexualitatea aldatu, ez naiz sekula nire sexualitatearen jabe izan. Prostituzioak bai egin duena, baina, nire bizitza afektibo-sexualean trauma bat sortzea izan da. Ez ditut trauma horren dimentsioak guztiz ezagutzen, eta gaur egun, hilda nago zentzu horretan... Prostituzioak osasunean duen eraginaren inguruko hainbat azterketaren arabera, trauma psikologikoak sor ditzake, gerra bat bizi izan duten pertsonek jasaten duten trauma osteko estresaren antzekoak. Nik uste dut hori horrela dela, pertsonalki bizi izan dudalako.


Baliteke despertsonalizazio horrek guztiak prostituzioan diharduten emakumeen artean eragina izatea, antolatzeko, enpatia izateko eta konfiantza izateko gaitasunean, edo baliteke errealitate bat izatea egoera horiek elkarrekin bizitzeak biziraupen-sororitate bati ematen diola bide, ezbeharren aurrean batzeko. Zer harreman garatu dituzue burdeletan kideekin?

Prostituzio etxe batean sortzen diren harremanak beste edozein espaziotan sor daitezkeenak bezalakoak dira: solidarioak, ez-solidarioak, eta abar. Ni beti saiatu naiz nire inguruko emakumeen zatirik politena bilatzen eta ateratzen, espazio horren tristura gorabehera, emakume asko ia egoera katatonikoan daudelako.

Dena den, prostituzio-esparrutik gure arteko lehia sustatzen da, ez baitzaie interesatzen gu elkar lotzea.


Errealitate horren aurpegi gordinenetakoa da bortxaketa lan baldintza bihurtzea; bortxaketa egunerokotasunaren barruan. Horrek amatasunari eta familia bat izateko eskubideari buruz pentsatzera garamatza. Nola bizi duzue amatasunaren auzia?

Bortxaketa ez da lan baldintza bat: prostituzioa ordaindutako bortxaketak dira, eta ez da gauza bera. Lan baldintzei buruz ari bagara, ziurtzat jotzen dugu prostituzioa lan bat dela eta, beraz, laneko arriskuez hitz egin behar dela. Laneko arriskua dei diezaiogeku egin nahi ez dituzun praktika sexualak egitera behartzeari? Umiliatzeari? Objektu bat bezala tratatua izateari? Osasun fisikoan zein psikologikoan dituen ondorio izugarriei? Nire ustez, ez.

Amatasunari dagokionez, ziurtatzen dizut egoera horretan egonda ezinezkoa dela familia bat sortzean pentsatzea.


Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista testuinguru konplexu batean sortu da mugimendu feministan, eta errezeloz begiratzen diote kolektiboari. Abolizioaren aldarriak ahots propioa du jada Euskal Herrian. Zer balorazio egiten duzu mugimendu abolizionistaz eta zein tresna eskaintzen dizue prostituzioa zuen haragitan jasan duzuen emakumeei?

Mugimendu abolizionista salbamendua izan da niretzat.

Abolizionismoak aspalditik izan du ahots propioa Euskal Herriko feminismoaren barruan. Ahots horiek batzeko eta antolatzeko beharretik sortu da Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista. Prostituzioak dakarren sexu-indarkeriaren aurka borrokatzeko denbora luzez espazio zehatz baten bila ari ginen emakumeok eta mugimendu feministako kolektiboek osatzen dute EHMA, baita gure gorputzak merkaturatzeko modu ororen aurka borrokatzeko espazio baten bila ari ginenok ere; hala nola, alokairu-sabelak eta pornografia.

Biziraun dugunok, entzun gaitzaten eta babestuta sentitzeko espazio bat behar genuen, erakundeen utzikeriak eragindako eskubide urraketak aldarrikatzeko, eta elkarrekin, ukondoz ukondo, borrokatu ahal izateko. Ez dago mekanismo publikorik bizirik atera garenok ditugun premia zehatzei estaldura emango dienik; horregatik da hain zaila prostituzio-sistematik irtetea. Lanik gabe, laguntza-sarerik gabe, psikologikoki eta fisikoki suntsituta, eta herritar gisara ditugun eskubideak zein diren ere jakin gabe.

Abolizionismoak horregatik guztiagatik borrokatzen du, emakumeen eskubideen alde, prostituzioan ari diren, prostituziotik irten diren eta prostituzioan erortzeko zorian dauden emakumeen eskubideen alde. Benetako lana izateko eskubidea, ikasteko aukerarik izan ez dutenen hezkuntzarako eskubidea, laguntza psikogikorako eskubidea, laguntza juridikorako eskubidea; finean, herritarren oinarrizko eskubideak.

EZ DAGO IRUZKINIK