AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/15 08:30

Gaurko zegoen ezarrita Errotxapeako Gaztetxearen (Iruñerria, Nafarroa) desalojoaren harira atxilotutako eta akusatutako sei lagunen aurkako epaiketa. Iruñeko epaitegien esku egon da kasua, eta hara bertaratu behar izan dute sei gazteek gaurkoan; 09:30ean, dena den, hainbat lagun elkartu dira epaitegien aurrean, haiei elkartasuna adierazteko. Errotxapeako Gaztetxeak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak egin zuten mobilizazio deialdia.

Han izan da Foruzaingoa ere: zinta bat jarri du epaitegietako sarreratik distantzia-tarte batera, eta elkarretaratzea zinta horren atzean egitea agindu du, protestan ari zirenak sarrerara hurbildu ez zitezen.

Zigor altuak mahai gainean

Altuak ziren fiskaltzak sei auzipetuentzat egindako zigor eskaerak: hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu zuen auzipetutako bost kiderentzat, "agintearen aurka atentatzea" egotzita, eta "tresna arriskutsuak" izatearen larrigarriarekin. Haietako biri, gainera, isunak ere ezarri nahi zizkien fiskaltzak, "lesioak eragitea" leporatuta. Bestalde, seigarren akusatuarentzat bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, "agintearen kontra atentatzea" nahiz "lesioak eragitea" egotzita.

Azkenean, baina, zigor altu horiek saihestea lortu dute sei gazteek, eta ez dute kartzelara joan beharko. Horretarako, fiskaltzarekin akordio bat sinatzea beste aukerarik ez dute izan, eta zigor eskaerak jaistea lortu dute hala. Adostutakoaren arabera, bost kideri bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diete "agintearen kontra atentatzeagatik", baina larrigarririk ezarri gabe; bost horietako bik, gainera, isunak ordaindu beharko dituzte "lesioak eragiteagatik" eta kalte-ordainak direla-eta. Seigarren kideari dagokionez, isun altuak jaso ditu; 1.080 euroko bat "erresistentziagatik", eta 2.020 euroko bat kalte-ordainetan.

Espazioen defentsa jopuntuan

Gazteek lortu dute espetxea saihestea, baina gaztetxe baten hustearen aurka protesta egiteagatik zigor horiek jaso izana salatu eta problematizatu dute. Langile Kontrolpeko Espazioen defentsaren aurkako eraso modura kokatu dute hori guztia, eta eraso horiek borrokatzea beharrezkotzat jo dute.

Errotxapeako Gaztetxeak jakinarazi du, gainera, desalojo egunean identifikatutako pertsona gehiagori ari zaizkiela isunak iristen. Irailaren 2an hustu zuten Errotxapeako Gaztetxea, eta polizia-indarrak modu bortitzean oldartu ziren protesta egitera bertaratu zirenen aurka; sei pertsona atxilotu zituzten —gaur epaitu dituztenak—, eta 150 lagun inguru identifikatu zituzten.

EZ DAGO IRUZKINIK