AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/19 11:21

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, bertan egin du agerraldi bat Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Beste behin ere, hauteskundeen fartsa salatu du Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusiak; kasu honetan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeena. Apirilaren 21ean izango dira hurrengo bozak, eta EHKSk seinalatu du "faltsuak" direla "langile-klaseari hauteskundeetan eskaintzen zaizkion alternatiba guztiak".

Ane Ibarzabal eta Peio Ormazabal EHKSko militanteek hartu dute hitza Gasteizen (Araba). "Etengabeko hauteskunde-kanpaina batean murgildu gaituzte, eta politikagintza guztia hauteskundeetara mugatu dute", ohartarazi du Ibarzabalek. Bestalde, hauteskunde-garaian politikagintzari buruz sortzen den "optika faltsuari" egin dio erreferentzia: "Alderdi guztiek esaten digute gure botoaren bidez gauza asko alda daitezkeela, baina errealitatea oso bestelakoa da. Eguneroko politikan pisu gehien duten auziak ez dira bozkatzen; nazioz gaindiko erabaki-guneetatik inposatzen zaizkigu".

Adibide modura aipatu ditu "EAEko trantsizio energetikorako politikak, hezkuntza-politikak, moneta-politikak edo azpiegiturakoak". Horiei buruzko aginduak, hain zuzen ere, "boto bidez aukeratu ezin diren erakundeetatik" datozela argitu du; hala nola, Banku Zentraletik eta Europako Batzordetik.

Ibarzabalek zehaztu du, gainera, "hauteskundeetara aurkezten diren hautagai guztiek, salbuespenik gabe, oligarkiaren agendarekin bat egiten" dutela; eta, "zentzu horretan, politika-eredu instituzionala egungo egoera betikotzeko instituzio-multzo bezala" ikusten dela. "Politika ogi-apurren banaketari lotzea eragiten dute; horrekin, eta ehunka goranahien eta burokraten poltsikoak betetzearekin. Baina kasu batean ere ez klase-banaketa desagerraraztearekin", argitu du bozeramaileak.

Itxurazko talkak

"EAEko aurrekanpaina bete-betean EAJk eta EH Bilduk alderdi bateraezinen itxura eman nahi badute ere, EAEtik kanpo, elkarrekin jarduten dute etengabe", gogorarazi du Ibarzabalek: "Gainera, biek ala biek, erdi-mailako klase nazionalaren interesak ordezkatzen dituzte, euskal enpresa-munduaren interesak ordezkatzearekin batera". "EH Bilduk bere burua alternatiba bezala aurkezten jarrai badezake, orain arte Jaurlaritzan egotea egokitu ez zaiolako da", gaineratu du.

"Eskuineko alderdi espainiarren presentzia oso mugatua denez, kanpaina-giroan, ezin dute eskuin muturraren mamua aireratu. Horregatik hitz egin behar dute hezkuntzaz, osasungintzaz, lan-munduaz eta trantsizio ekologikoaz, eta beraien arteko ezberdintasunak etengabe azaleratzera behartuta daude; itxurazkoak baino ez diren ezberdintasunak", adierazi du Ormazabalek, EAEko agertokiari dagokionez.

Ohartarazi du, dena den, "kanpainan eztabaidagai ez dauden gaietan" EAJk zein EH Bilduk duten jarrerak "lagundu" egiten duela ulertzen zein den bi alderdi horien rola: "Espainiako Gobernuari ematen dioten erabateko babesak muturren parean daukagun testuinguru belikoa hauspotzen du, eta Israelgo estatu genozida finantzatzeko balio du. Bien bitartean, langile-klasearen bizi-baldintzak etengabe okerrera egiten ari dira". Ormazabalek xehatu du, bestetik, ez Espainiako Gobernua, ez Jaurlaritza, ez Nafarroako "Aldaketaren Gobernua" ez direla gai "joera horri amaiera emateko".

Fartsaren aurka, langile-boterea

"Hauteskunde-fartsaren" kontra, "militantzian eta zuzeneko parte-hartze politikoan oinarritutako kultura" aldarrikatu du EHKSk, eta horren aldeko hautua egin dutela jakinarazi du Ormazabalek. "Urte gehiegi daramatzagu esperantzak hauteskundeetan jarri behar direla entzuten, eta egoerak okerrera baino ez du egin", gaitzetsi du: "Historian zehar langile-klaseak onurak lortu dituenean, mobilizazioari eta antolakuntzari esker izan da".

Horri lotuta, EHKSk "norabide horretan" egingo du lan, bozeramailearen esanetan; "instituzioen itxurakeria agerian utzi eta langile-klasearen eskubide politiko eta ekonomikoak kaleetan defendatuz, Estatu Sozialistaren beharra azaleratuz eta langile-boterea eraikiz". EHKSk iragarri du, hala, datozen asteetan kalera aterako dituela "gerraren, osasungintzaren, lan-baldintzen, ingurune naturalaren suntsiketaren eta etxebizitzaren inguruko aldarriak". "Kaleetan ikusiko dugu elkar", erantsi du.

EZ DAGO IRUZKINIK