Euskararen aurkako jarrera faxistak salatu dituzte Orkoiengo Ihauterietan
— ARGAZKIA Noticias de Navarra

Jazarle faxista batzuen erasoak zirela-eta, Orkoienen (Nafarroa) bertan behera utzi behar izan zituzten Ihauteriak aurreko larunbatean. Orkoiengo Euskaltzaleek eman dute gertatutakoaren berri: hainbat pertsona hurbildu ziren jaietako ospakizunetara horiek zapuzteko asmoz; Espainiako banderekin eta euskararen aurkako "oihuekin eta irainekin" lehenengo, eta eraso fisiko saiakerekin gero.

Jaietako egitarauaren parte zen elektrotxaranga baten emanaldia, baina musikariak inguratu eta haiei jotzeko prestatzen hasi ziren erasotzaileak. Hori ikusita, Ihauterietako egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Argitu dutenez, ele bitan egiten ari ziren ekimen guztiak.

Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kide batek Berria-ri azaldu dio Espainiako banderarekin jendea zirikatzen jardun zutela jazarleek. Hain zuzen ere, haietako bat Espainiako Selekzioaren kapela jantzita hasi zen jendea gogaitzen lehenengo, DJa behartu nahi baitzuen kapela hori janztera. Ez zuenez lortu, banderarekin eta jende gehiagorekin itzuli zen gaztea, eta horrela jarraitu zuen jazarpenak. Euskaraz zerbait entzuten zutenean, "Que no se entiende" oihukatzen zuten.