AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Leioako ikasleak joan den asteazkeneko kontzentrazioan. Argazkia: Leioatik
2019/09/27 11:29

Herenegun, irailak 25, dozenaka ikasle batu ziren Hego Euskal Herriko ikastetxe eta campusetan, euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko. Aurreko ikasturteetan bezala, hilabeteko azken asteazkenero mobilizazioak egiteko asmoa adierazi du ikasle mugimenduak, euskal preso politikoen auziak heziguneetan presentzia izan dezan.

Besteak beste, presoek "ikasketak aurrera eraman ahal izateko dituzten zailtasunak" salatzea izan dute ardatz, beste behin. Izan ere, azaldu dutenez, Espainiako Estatuan atxilo daudenek ez dute EHUn ikasteko aukerarik. Frantziako Estatuan daudenek, berriz, EHUn matrikulatzeko aukera izan arren, hainbat oztopo izaten dituzte ikasketa prozesuan zehar; esaterako, apunteak espetxera sartzeko, edota tutoretzak izateko.


PREST

Urteak dira Hego Euskal Herriko campusetako ikasle mugimenduak Presoen Sostengurako Taldeak osatu eta ekimenari heldu ziola. Unibertsitateko ikasketak egiten ari diren presoei laguntza akademikoa eskaintzeaz arduratzen dira talde horiek, baita euren egoeraren salaketa publikoa egiteaz ere. Zailtasunak zailtasun, euren funtzioak betetzen jarraitzen dute taldeek.


Osnyra martxa

2017. urteko apirilaren 5 eta 6ean, Osnyko (Frantziako Estatua) espetxera ikasle martxa egin zuten ikasle mugimenduko hainbat kidek. Bertan, "duintasunez ikasteko eskubidea" eta "ikasle presoen askatasuna" aldarrikatu zituzten.