Aberri Eguna da gaur Euskal Herrian, eta data baliatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) "euskal langileriaren autodeterminazioaren defentsa berresteko". "Zapaldua egoten jarraitzen du euskal langileriak zein horren zati handi baten borondate nazionalak, eta antolakunde komunisten egitekoa da autodeterminazioa gauzatzeko rol aktibo bat edukitzea", azaldu du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak: "Hori guztia egitea dagokigu Hego Euskal Herrian iruzur autonomiko berria negoziatzen ari diren testuinguru batean, non EAJ eta EH Bildu euren interesen araberako negoziaketak egiten ari diren PSOErekin".
Izan ere, EHKSk seinalatu duenez, "negoziaketa horretan euskal langileriaren autodeterminazioa bi modutara ari dira ukatzen": "Batetik, alderdi profesionalen arteko negoziaketa delako eta herriari bizkarra emanez egiten dutelako; eta, bestetik, autodeterminazioa, hots, independentziarako eskubidea beste behin ukatua izango dela espero dezakegulako". Horiek horrela, EHKSk jakinarazi du ez duela "inolaz ere euskal langileriaren aurkako iruzur autonomiko berri hau onartuko".
Autodeterminazioa, herri langilearen eskubide bat
Antolakundeak gogorarazi du "Euskal Herriaren autodeterminazioa oinarrizko borroka-lerrotzat" daukala; baina argitu du "autodeterminazioa, estatu berri baten sorrerarako eskubide bezala ulertuta, soilik euskal langileriaren edo gehiengo sozialaren eskubide bezala ulertu behar dela, eta ez politikari profesionalen edo interes-talde burgesen bulegoko negoziaketa-prozesu bezala". "Horra hor EHKSren eta EAJ-EH Bilduren arteko desberdintasuna", jarraitu du: "Beraiek prozesu autonomista gradual bezala ulertzen dute, gutxiengoen interesen araberakoa; guk, berriz, herri langilearen eskubide bezala".
EHKSk xehatu du autodeterminazioak bi baldintza izan behar dituela "nahitaez": "Espainiako eta Frantziako estatuekiko banaketa nazionalerako eskubide bezala, eta estatu sozialistaren edo langileriaren intereseko estatu forma gisa".
"Bide-orri autonomista burgesa agortuta dago"
Horiek horrela, antolakundeak iritzi dio "bere burua engainatzen" duela "bere eskubideen defentsa alderdi profesionalen eskuetan uzten duenak", gogoraraziz "Espainiako zein Frantziako estatuetan erabat integratutako alderdi instituzionalak" direla EAJ zein EH Bildu. "Euskal enpresarientzako baldintza mesedegarriak eta beraien alderdien botere instituzional kuotak dira Madrilen negoziatzen ari diren auziak, euskal langileria albo batera uzten duten bitartean", gehitu du.
"Gure ustez bide-orri autonomista burgesa agortuta dago", atera du mahaira, hala, EHKSk: "Faltsua da negoziaketa autonomistarekin independentziarako eskubidea aitortua izango zaionik euskal langileriari Espainiako zein Frantziako estatu kapitalisten eskutik. 45 urteko ibilbidearen ostean, argi geratu da autonomiaren formulak autodeterminazioa ukatzea eta zapaltzea bilatzen duela, eta ez alderantziz. Euskal Herriko klase jabedunak eroso daude Espainiako zein Frantziako marko politiko burgesetan, eta ez daukate inolako borondaterik haustura politikorako".
EHKSk gaineratu duenez, "Espainiako eta Frantziako estatuek langileriaren borondate iraultzailea ukatu eta armen bitartez erreprimitu dute Euskal Herrian", eta "horren lekuko dira kartzeletan gatibu dauden preso politikoak, baita erailak edo torturatuak izan diren militante guztiak ere". Guztientzako amnistia aldarrikatu du, eta "borroka egitera eraman zituzten zapalkuntza-baldintzen gainditzea" galdegin du.
Horrekin batera, oroitarazi du "euskara hizkuntza gutxitua eta zapaldua dela oraindik ere". "Mugimendu Sozialistatik euskararen erabilera lehenesten jarraituko dugu, eta euskarak jasotako urraketa zein egiturazko zapalkuntza salatzen arituko gara", dio.
Alderdi iraultzaile handien beharra
Horretaz guztiaz gain, EHKSk defendatu du "autodeterminaziorako aukerak, langileriaren eskubide demokratiko guztiak bezala, soilik alderdi iraultzaile handien berregituraketarekin sortuko" direla; "langile-batasun eta berregituratze politiko internazionaletik", alegia. "Euskal Herrian, orain dela 70 urte aurreko borroka-zikloa piztu zenean, nazioarteko erreferenteei eta testuinguru iraultzaileei lotuta egon zen", ekarri du gogora. Hortaz, EHKSk euskal langileriari dei egin dio "alderdi iraultzailea berregituratzeko prozesuan lan egitera, prozesu sozialista Euskal Herrian eta maila internazionalean indartzera, eta iruzur autonomiko berriari aurre egitera".
Laburbilduz, "euskararen defentsa eta euskal langileriaren autodeterminazioa" izan ditu aldarri EHKSk aurtengo Aberri Egunean, eta "iruzur autonomistari aurre egiteko tresna bezala" aurkeztu du bere burua. Bide batez, "identitate nazionalen arteko errespetuan oinarrituriko langile-klasearen batasun politiko internazionala" erreibindikatu du.