AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/15 12:41

Alternatiba sozialista antolatzeko bidean, beste pauso bat eman dute Euskal Herrian: Euskal Herriko Kontseilu Sozialista sortu dute. Hainbat astez gaurko egunari azpimarra egin ostean, ekitaldi jendetsu bat izan da eguerdian Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren sorreraren berri emateko eta hura jendaurrean aurkezteko. 1.500 lagun baino gehiago bildu dira ekitaldian, alternatiba sozialista antolatzeko borondate indartsuaren ikur. Gaur egungo egoerari buruzko irakurketa zorrotz bat plazaratzeaz gain, berehalako erronka nagusiez hitz egin dute: izan ere, lanerako bide-orri baten eskutik aurkeztu dute antolakunde berria.

Ekitaldian argitu dutenez, aurrerantzean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista izango da Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia. Besteak beste, mugimenduaren bozeramailetza-lanak hartuko ditu bere gain. "Honakoa beste pauso bat baino ez da Euskal Herrian duela ia bost urte abiarazi genuen Prozesu Sozialistaren barruan: Mugimendu Sozialista batzen duen antolakundea da, hain zuzen ere, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista. Honakoa da bi mendeko sozialismoaren historiari gaur, hemendik, egiten diogun ekarpena", azaldu dute ekitaldian.

"Mugimendu Sozialista batzen duen antolakundea da, hain zuzen ere, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista. Honakoa da bi mendeko sozialismoaren historiari gaur, hemendik, egiten diogun ekarpena"

Azken urteetan, Euskal Herriko hamaika eskualdetan eta hiriburutan aritu dira lanean tokian tokiko Kontseilu Sozialistak. Orain, horien lekuan lekuko jardunari jarraipena emateaz gain, urrats berri bat izan da Euskal Herri mailako Kontseilu Sozialista sortzea, erronka handiagoei aurre egin ahal izateko. Antolakunde berriaren helburu nagusietako bat izango da, hain justu, komunismoa langileon artean hegemoniko bihurtzea.

Gaurko aurkezpenean dei ozen bat egin diote langileriari: "Alternatiba sozialista antolatzeko deia; Kapitalaren menderakuntzaren eta krisi kapitalistaren aurka antolatzeko deia; enpresarien eta Estatuaren aurka langile boterea eraikitzeko deia; Estatu Sozialistarantz bide bat irekitzeko deia". Hala, "gaurdanik balio etiko eta moral berri batzuetan oinarritutako gizarte eredu bat eraikitzen hasteko" bidean, "ongizate unibertsalaren alde egingo duen forma politiko bat" izango da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista; "belaunaldien arteko marko bat".

Antolakunde berria aurkeztearekin batera, norabide estrategikoa jasotzen duen dokumentu bat eman dute argitara gaurkoan: Estrategia sozialista berria (Nueva estrategia socialista).

Aukera bat; alternatiba bat, inoiz baino biziago

Ekitaldian seinalatu dutenez, kapitalismoak "ezintasun nabarmena du langileriaren zati handi bati garai bateko bizi-baldintzak eskaintzeko": "Ohitzen hasiak gara jada pobreziaren hazkunde progresibora, estatuen erreforma totalitarioetara, ekosistemen suntsitze progresibora edo gerren ugaritzera. Kapitalismoak, zentzu batean, goia jo du". Hala, "gure garaia krisialdi kapitalistak itxuratzen" duela ohartarazi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, eta horren eragin nagusiak direla "bizi-baldintzen okertzea eta autoritarismoaren gorakada".

Krisi kapitalista bete-betean eta "klase ertaineko gizarteak hautsita, inoiz baino nabariagoak dira antagonismoak eta klase-borroka", azpimarratu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako bozeramaileetako batek. Eta horren harira aldarrikatu du koiuntura horrek "komunismoaren aldeko apustua zentzu kulturalean" ere "erreal bilakatzen" duela.

Erreibindikatu dute "inoiz baino gaurkotasun handiagoa" duela komunismoak, "klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte unibertsala planteatzen duen programa historiko gisa"

"Sozialismoa edo basakeria kapitalista. Ez dago aukerarik tarteko bideetarako", esan dute gaurkoan. Eta erreibindikatu dute, horri lotuta, "inoiz baino gaurkotasun handiagoa" duela komunismoak, "klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte unibertsala planteatzen duen programa historiko gisa". "Kapitalismoaren porrotak uzten digun abagune historiko honek, sozialismoa nazioartean antolatzeko baldintza materialak dakartza", gaineratu du beste bozeramaile batek: "Inoiz baino aktualagoa eta errealagoa da sozialismoaren aldarria". Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak erronkatzat dauka, beraz, "langileriaren iruditegiaren" barruan "miseriazko errealitatea eraldatzeko aukera politiko erreal" bilakatzea komunismoa.

Eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak iritzi dio, aldi berean, gaur egun "aukera bat, alternatiba bat" ikusten dela parez pare proletalgoarentzat, lotuta dagoena "proletalgoa subjektu independente gisa antolatzeari eta eraikitzeari". Helburuetako bat baita, hain justu, "interklasismoak eta erreformismoak" sortzen dizkion "oztopoak gaindituta", proletalgoak "bere beharrei irtenbide bat emateko ardura hartzea eta alternatiba sozialista eraikitzea". "Milaka militanteren eskutik alternatiba hori gorpuzten ari da, eta alternatiba hori egonkortzera eta langileriaren sektore guztietara zabaltzera dator, hain zuzen ere, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista", iragarri dute gaurko ekitaldian.

"Milaka militanteren eskutik alternatiba hori gorpuzten ari da, eta alternatiba hori egonkortzera eta langileriaren sektore guztietara zabaltzera dator, hain zuzen ere, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista"

Xehatu dute, dena den, "ziklo politiko iraultzaile berri bat irekitzeko", beharrezkoa izango dela "antolakuntza proletarioa gure mugez harago hedatzea, Europa mailan eta nazioartean". Ekitaldian, hortaz, "beste lurralde askotan proletalgoaren antolakuntza independenteari bide egiten ari diren burkide guztiak" agurtu dituzte. "Hemendik, Euskal Herritik, hazten ari den mugimendu batek eskua luzatzen dio proletalgoari, berriz ere eratu dadin subjektu independente eta emantzipatzaile gisa, eta bere betebehar historikoa beteko duen indar politiko gisa: pobreziarik, hierarkiarik eta sufrimendurik gabeko gizarte bat eraikitzea". "Sozialismoaren bandera altxatu duten milaka eta milaka norbanakoren eta esperientzia politikoren lekukoa hartzen dugu. Bide horretan dagokigun alea jartzeko prest gaude", esan dute.

Kritika alderdi parlamentarioei: antolakuntza independentea

"Langileriaren historia iraultzailetik" ikasitako hainbat lezio aipatu dituzte gaurko ekitaldian: "Ikasi ahal izan dugu borrokarako baldintzak lehiatu egin behar direla, bizi-baldintzen hobekuntzak langileriaren borroketatik eratortzen direla eta ez politikarien kontzesioetatik, eta ezinbestekoa dela alderdi burgesekiko independenteak diren programa eta masa-antolakundeak eraikitzea".

"Gu geu izan behar gara gai gure askatasunaren bidea jorratzeko, proletalgoaren interes unibertsalak defendatzeko eta modu eraginkorrean langile boterea eraikitzeko", erantsi dute. Eta lan hori, hain justu, "alderdi burgesek erreproduzitzen dituzten antolakuntza eta printzipio eskemetatik kanpo" egin behar delakoan dago Euskal Herriko Kontseilu Sozialista: "Ezin daiteke antolakuntza independente bat garatu estatu kapitalisten logikaren eta instituzioen pean, eta ezin daiteke programa independenterik garatu, politika soilik parametro instituzionaletan eta kapitalismoaren mugen barruan pentsatzen jarraitzen den bitartean".

Gogoan hartu dute "arku parlamentarioko alderdi profesional guztiek eredu kapitalistaren barnean txertatzen" dutela "beren proiektu politikoa"

Gaur ere gogoan hartu dute "arku parlamentarioko alderdi profesional guztiek eredu kapitalistaren barnean txertatzen" dutela "beren proiektu politikoa": "Burgesiaren zein erdi-mailako klasearen sektore bat edo bestea ordezkatzen dute, baina ez daukate inondik inora ere langileok bizi dugun miseriari aurre egiteko proposamenik eredu kapitalistaz kanpo". "Horietatik batek ere ez du kolokan jartzen aginte kapitalista bere osotasunean. Inork ez du oligarkien zein kapitalista handien irabazien birjabetze edo sozializazioa bere programaren erdigunean", jarraitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Ogi-apurrak banatzera eta agintari kapitalisten mandatuak betetzera mugatzen dira, eta, bitartean, beren estatusa handitu eta poltsikoak betetzen dituzte". Beraz, inoiz baino argiago esan dute gaurkoan: "Horregatik guztiagatik da beharrezkoa langileok alternatiba sozialista gorpuzten hastea; oligarkien zein politikari profesionalen alderdietatik kanpo antolatzea".

Argitu dute, gainera, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ez duela "politikari profesionalen alderdien antzera jardungo": "Bere egitekoa, orain arte bezala, langile-klaseari erreminta politikoak eskaintzea izango da, gero eta jende gehiago antolakuntza sozialistara batu dadin". "Uste dugu jendarte sozialista bat sortzea, utopia bat baino, aukera erreal bat dela. Hura dela aukera bakarra egungo garaiek eskaintzen dituzten bitartekoen fruituak denon artean jaso ditzagun, eta ez gutxi batzuek. Eta era berean, hura dela bizi dugun basakeria geldiarazteko baldintza", egin dute aldarri.

"Ongizaterako proposamen irrealak, Estatuaren erreforman oinarritzen direnak dira"

"Esaten dutena esaten dutela, hemen, ongizaterako proposamen irrealak, Estatuaren erreforman oinarritzen direnak dira", salatu du, bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Irreala da bakea basakeria kapitalistaren erdian lortzea, irreala da zapalkuntzak gainditzea zapalkuntzak betikotzen dituen sistema indartzen den bitartean, eta irreala da askatasuna lortzea askatasuna borrokatzea bera ilegala den sistema batean".

"Kapitalaren botereak oinarritzat dituen instituzioen kontrola geureganatzearekin eta horien abolizioarekin batera, ezinbestekoa da proletalgoa gutxinaka botere propioa eraikitzen joatea"

"Kapitalaren botereak oinarritzat dituen instituzioen kontrola geureganatzearekin eta horien abolizioarekin batera, ezinbestekoa da proletalgoa gutxinaka botere propioa eraikitzen joatea", begiratu du ortzi-mugara Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Langileriak klase bezala dituen beharrizanak asetzeko, gaitasun teknikoak eta politikoak zentralizatzea eta operatibo bilakatzea dugu helburutzat. Komunismoaren hedapena posible bilakatuko duten organo efizienteak sortu behar ditugu, zuzenean proletalgo iraultzailearen beharrizanen zerbitzura egongo direnak".

Lehentasunezko zazpi auzi lanerako

Ekitaldian esplikatu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren zereginetako bat izango dela "koiunturan hartzen dugun posizio oro bide-orri komunistaren erakusle" izatea. Oraingoz, antolakundea bera aurkeztearekin batera, lanerako proposamen politiko bat eman dute argitara, "proletalgoa ezintasunera kondenatzen duten proposamen parlamentarioen eta erreformisten aurrean, alternatiba sozialista bat mahaigaineratzeko".

Xehatu dutenez, gaur-gaurko hainbat gako barne hartzen ditu bide-orri horrek, "ezinbestekoak" direnak "parez pare dugunaren kontra kontzientzia bat, jarrera bat, klase-alternatiba bat artikulatzeko". Zehazki, zazpi auzi nagusiri heldu diete oinarri horietan: bizitzaren garestitzea eta langileriaren miseria, gerra inperialisten areagotzea eta NATO, estatu-autoritarismoa eta faxismoaren gorakada, ekosistemen suntsiketa, emakume langileon zapalkuntza, Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidea eta militante iraultzaileen amnistia.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak beharrezkotzat jo du "kalitatezko eta berdintasunezko bizi-baldintza unibertsalak" lortzea

Bizitzaren garestitzea: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gogorarazi du "langile-klasearen pobretze bat" izaten ari dela, "lan-baldintzen kaskartzean, soldaten beherakadan, zerbitzu publikoen murrizketetan edota produktuen garestitzean" ikusten dena. "Bitartean, bankuen eta entitate handien irabaziak biderkatzen ari dira gobernuen zein instituzioen laguntzarekin", ohartarazi du: "Bankuen eta enpresari handien irabaziak jarri behar ditugu jopuntuan, aberastasuna berau sortzen dugunon eskuetara itzul dadin; hots, ekoizpen-bitartekoak sozializatu eta langileon kontrolpekoak bilaka daitezen". "Kapitalismoak berezko dituen hierarkia sozialaren eta pobretzearen" aurka, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak beharrezkotzat jo du "kalitatezko eta berdintasunezko bizi-baldintza unibertsalak" lortzea.

Gerra eta NATO: Bestalde, gaur egungo koiunturan, gerra inperialistari eta NATOri kontra egiteko premia azpimarratu du Kontseilu Sozialistak. Konturarazi du "kapitalismoari eta horrek sortutako krisiei" lotuta ageri direla gerrak, eta "lehengaien krisien eta nazioarteko potentzia kapitalisten arteko tentsioen emaitza" izan ohi direla. "Gerra guztietan galtzaile nagusia langileria da", ekitaldian seinalatu dutenez, "bera baita gerran hiltzera bideratzen dutena, krisialdi ekonomikoen zuzeneko efektuak pairatzen dituena edota gerraren aitzakiapean murriztutako eskubideen ondorioak jasan behar dituena". "Gure oinarrizko premisa NATOren desegitea da. Eta premisa hori betetzeko ezinbesteko baldintza da maila internazionalean proletalgoaren indar politiko berri bat artikulatzea", laburbildu du.

Jarrera irmo bat erakutsi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Estatuaren erreforma autoritarioaren adierazpen orori aurre egitea, neurri antiproletario guztien aurka klase-elkartasuna ehuntzea [...]

Estatu-autoritarismoa eta faxismoa: Krisialdi ekonomikoaren eraginez eta nazioarteko oligarkien zein instituzioen aginduz", estatuak "bilakaera autoritario  bat" izaten ari direla abertitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, eta horren adibide direla "legearen gogortzea, kontrol sozialaren areagotzea edota salbuespen-neurrien normalizazioa". Horren guztiaren kontra, jarrera irmo bat erakutsi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Estatuaren erreforma autoritarioaren adierazpen orori aurre egitea, neurri antiproletario guztien aurka klase-elkartasuna ehuntzea, eta prozesu horren aurkako erantzun global bat artikulatzea ahalbidetuko duten askatasun politikoak bermatzeko lan egitea". Eta horri guztiari lotuta, funtsezko zeregin modura aldarrikatu dute "faxismoaren adierazpen guztiei" aurre egitea.

Ekosistemen suntsiketa: "Naturaren eta giza-beharrizanen arteko harreman orekatu bat gauzatzera" ere deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bide-orri politikoan, krisi ekologikoa "krisi kapitalistaren beste adierazpen bat" eta "ekoizpen modu kapitalistaren ondorio zuzena eta banaezina" dela iritzita. "Kapitalaren irabazi pribatuaren gainetik interes komuna jarriko duen soluzio bat" dauka beharrezkotzat Kontseilu Sozialistak, eta uste du hori "proiektu sozialistaren eskutik besterik" ezin daitekeela etorri.

Emakume langileon zapalkuntza: Emakume langileok lehen lerro politikoan jartzeko premia ere nabarmendu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Oroitarazi du "gizarte kapitalistak bere sorrera garaitik integratu duen lanaren banaketa sexualak kolektibo azpiratu bilakatu" dituela emakume langileak, eta "etengabeko gutxiespen soziala" jasaten dutela, "objektu bilakatuz eta beren aurkako biolentzia normalizatuz", besteak beste. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren esanetan, "ezinbestekoa da sozialismoak emakume langilearen askapenerako oinarriak jartzea", "gizarte sozialistan guztiok bizi-baldintza berak edukitzea ezinbesteko premisa izango baita".

"Ezinbestekoa da sozialismoak emakume langilearen askapenerako oinarriak jartzea"

Autodeterminazioa: Bide-orri politikoan sakonduta, euskal langileriarentzat autodeterminazioa aldarrikatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Gogorarazi du Espainiako eta Frantziako estatuek "Eskal Herriko langile-klasearen borondate nazionala eta bere kultura" zapaltzen dituztela oraindik, eta biak direla "estatu arrotzak" langileria horrentzat. Iritzi dio, baina, ez dela hori Euskal Herriko burgesiaren egoera: "Euskal Herriko enpresariek, bankariek eta oligarkek badituzte euren estatuak eta instituzioak; Espainiako eta Frantziako estatuak eta beren baitako instituzio autonomikoak, hain zuzen ere". Hala, "euskal burgesiak ez du inolako asmorik abentura nazional bati ekiteko", Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren arabera; eta horixe da, zehazki, "klase ertain nazionalistak duen programaren mugetako bat": "Klase ertainak duen bide-orriak estatu kapitalistaren forma hartzen du, eta beraz, ez dakar inolako aldaketarik euskal langileriaren menderatu eta zapaldu egoeran". Kontseilu Sozialistak adierazi du "soilik sozialismoaren eraikuntza internazionalak ahalbidetu" dezakeela "Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidea", horixe soilik izan daitekeelako "gure Euskal Herri askea; Euskal Herriko zein nazioarteko langileriaren Estatu Sozialista". Eta horrekin lotu du "euskararen biziraupenaren eta garapen askearen" aldeko borroka ere.

Kontseilu Sozialistak adierazi du "soilik sozialismoaren eraikuntza internazionalak ahalbidetu" dezakeela "Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidea"

Amnistia: Kontseilu Sozialistak, gainera, "amnistia eta aitortza" eskatu ditu langile-klaseko militante politiko iraultzaileentzat, eta funtsezkotzat jo du "jendarte aske baten alde beren bizitza eskaini duten milioika pertsonen memoria bizirik mantentzea". "Euskal Herriko testuinguru politikoan ezin da sozialismoaz hitz egin, estatu zapaltzaileen aurrean, gure herrian zein mundu osoan zehar borroka egin dutenen askatasuna exijitu eta amnistiaren aldarrikapena barne hartu gabe", esan du argi.

Masa-antolakuntza

"Masak batzeko eta antolatzeko apustua egin nahi dugu Euskal Herrian", aldarrikatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Proletalgoaren aniztasun guztia kontzientzia sozialista bateratu batean bilduko duen programa eta antolakunde bat izan behar du gureak. Besteak beste emakume proletarioen, migratzaileen, identitate etniko eta nazional zapaldu ezberdinen zein LGTBI kolektiboko proletarioen zapalkuntza-forma guztien gaindipena izan behar du".

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gaineratu duenez, "batasun horrek zabalduko dio atea borroka ziklo berri bati; proletalgo iraultzailearen eraketa-fase berri bati". "Proposatzen dugun antolakuntza-eredua masa-antolakuntza bat da, proletalgoa bere osotasunean eta aniztasunean antolatzeko anbizioa eta gaitasuna dituena", jakinarazi du: "Argi dugu defendatzen ditugun printzipioek proletalgo guztiaren interesak ordezkatu behar dituztela, hemen zein munduko edozein tokitan".

"Proposatzen dugun antolakuntza-eredua masa-antolakuntza bat da, proletalgoa bere osotasunean eta aniztasunean antolatzeko anbizioa eta gaitasuna dituena"

Nabarmendutako zereginen artean sartu du "gure egunerokotasuna ukitzen duten biziko eta errealitateko esfera guztietan komunismoaren printzipioak ezartzea": "Bizitzaren maila guztietan, modu bateratuan kolpatu behar dugu burgesiaren boterea, norabide berdinean jardunda fronte eta antolakunde guztietan".

Maila guztietan antolatzea: ekoizpena eta banaketa

"Proletalgoaren bizitzetan eragiten duten eta klase-gizartea betikotzen duten problematika eta esfera guztietan antolatzea eta eragitea lortu behar dugu", nabarmendu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: "Hori esatean, gizartean ekoizten den guztiaren eta horren banaketaren gaineko kontrola hartzeaz ari gara". Hortaz, bi maila horiek berezi ditu Kontseilu Sozialistak: ekoizpena eta banaketa.

"Proletalgoaren bizitzetan eragiten duten eta klase-gizartea betikotzen duten problematika eta esfera guztietan antolatzea eta eragitea lortu behar dugu"

"Batetik, ekoizpenaren adar bakoitzeko lan-prozesu guztien barruan botere gero eta handiagoa eskuratzeaz ari gara" xehatu du, aurreneko mailari dagokionez: "Hori izango da modu bakarra, lanerako baldintzak hobetzeaz gain, lana bera eta hortik eskuratzen dugun fruitua progresiboki sozialismoaren mesedera eraldatzeko". "Egunero egiten dugun lanarekin irabazi kapitalista elikatzeari uztea eta sortzen den aberastasun guztia askapenaren bidean kokatzea esan nahi du horrek", laburbildu du.

Banaketaren mailari dagokionez, "ekoizten denaren banaketaz eta kontsumoaz arduratzen diren mekanismo guztien kontrola eskuratzeari" egin dio erreferentzia Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Mugimendu Sozialistak azken urtean egindako aldarria gogoan izanda, seinalatu du "eginbehar bat" dela "Autodefentsa Sozialistaren aldeko apustua", "guk sortutako aberastasun guztiaren azken ogi-apurrak baino eskaintzen ez zaizkigun garai honetan". Horri lotuta aldarrikatu du "etxebizitzak, elikadurak, gizarte- eta kultura-azpiegiturek, osasunak, hezkuntzak, garraioak, energiak eta abarrek langileria antolatuaren esku egotera" igaro behar dutela, "doakoak, kalitatezkoak eta unibertsalak izan daitezen".

EZ DAGO IRUZKINIK