Urte honetan, gutxienez bost emakume erail dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Azaroaren bukaeran izan zen azken erailketa, Pasaian (Gipuzkoa): 45 urteko emakume bat, Leonor, tiroz erail zuen bere bikotekide ohiak. Horren aurretik, Poliziak gutxienez bi aldiz ikertu zuen erasotzailea, indarkeria matxistagatik.
Maiatzaren 3an izan zen urteko aurreneko hilketa matxista: Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean, 34 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekideak. Aurreko hilabetean, gizon berdinarengandik ihesi, bosgarren solairutik salto egin zuen andre berak. Irailaren 12an, 31 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak, Bilbon (Bizkaia). Handik hilabetera, urriaren 9an, Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa) gertatu zen beste erailketa bat: emakume bat hil zuen gizon batek. Elkarrekin bizi ziren. Gainera, Urruñako (Lapurdi) emakume bat, Laure Zachello, desagertuta dago ekainetik. Bera erail zuelakoan atxilotu eta kartzelaratu zuten senarra.
Euskal Herrian bertan izandako bost hilketa horiez gain, Erandioko (Bizkaia) seigarren emakume bat erail zuten Panamán joan den uztailean: Eneritz Argintxona. Bi gizonezko atxilotu zituzten horri lotuta.
Berria egunkariaren zenbaketaren arabera, 2003. urtetik hona, 125 emakume eta hamabi haur erail dituzte Euskal Herrian indarkeria matxista dela-eta. Iaz, 2023an, lau emakume eta ume bat hil zituzten; beraz, aurten gora egin dute erailketa matxistek.