AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurkezpen argazkia
2019/04/30 14:02

Ekainaren 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an egingo dute Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, Azpeitian (Gipuzkoa). Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek antolatu dute ekimena, elkarlanean, eta antolatzaileen hitzetan, "sozialismoaren defentsa egiten dugunok batera jarduteak duen garrantzia eta beharrezkotasuna" nahi dituzte mahaira atera. "Elkarrekin askoz indartsuagoak baikara", gehitu dute.

"Ezinbestekoa den Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan lan egin behar dugu", azpimarratu dute; "gazte zein hezkuntza esparruetatik". Hala, "nazio zapalkuntza gainditzeko eta klase batasuna gorpuzteko", "ildo sozialista elikatzen duten proiektu desberdinen indarrak biderkatzea", "erronka militante garrantzitsua" dela azaldu dute.

IAren eta GKSren aburuz,  "inposatu nahi diguten gazte sumiso, indibidualista eta berekoiaren aurrean, prozesu sozialistara lerrokatuko den gazte borrokalari eta konprometitua eraikitzen jarraitu behar dugu". Horretarako, "eremu zein problematika ezberdinak politizatzen hastea ezinbestekotzat" jo dute. Bestalde, "jaialdi kapitalistaren ospakizun eredu hutsala alboratu" nahi dute antolatzaileek.

Lana erdigunean

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek azaldu dutenez, lan egiteko egunek "zentralitatea" izango dute topaketan. Izan ere, Krisiaren Seme-Alabak taldeak birjabetutako eraikinean "etorkizun batean gauzatuko diren praktika desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak" egokitzea da ekimenaren helburuetako bat. Hala, egitarauak jarraituko duen lerroa zehaztu dute.

Alde batetik, lehenengo egunetan, "lan egun formatuan espazioa egokitzeaz gain", "modu kolektiboan" prestatuko dute "ospakizun egunerako beharrezko" izango duten guztia. Bestetik, egun horietan eta urte guztian zehar egindako lana "ospatu" nahi dute topagunean: "Guk badugu zer ospatu; egunerokoan antolatzen diharduten militante guztien lana pixkanaka-pixkanaka bere fruituak ematen ari da Euskal Herriko txoko desberdinetan".

"Proiektu eta praktika lokalen artean existitzen den isolamendua gainditu eta guztion babes eta indar kolektiboa antolatzea berebizikoa" dela ere nabarmendu dute. "Bizitza politikoa eraiki" nahi dute topagunearen bidez, "militantzia eredu gero eta sendoagoa eraikitzeko asmoz".

EZ DAGO IRUZKINIK