AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/12 02:05

Gaur, Aberri Eguna, "Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapenari oihartzuna emateko eguna" dela nabarmendu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Euskal Estatu Sozialista gaurdanik eraiki lelopean argitaratutako adierazpenean, hasteko, "klase borrokak nazio eraikuntzarekin duen zuzeneko harremanari" jarri dio azpimarra, eta gaur-gaurkoz, Euskal Herrian "agintzen duena" burgesia dela gogorarazi du: "Historian zehar moldatuz doa belaunaldi desberdinek Euskal Herriarekiko duten ikuspuntua, eta ideia multzo horien eta gure lurraldeko bizitzaren nolakotasuna indar harreman politiko-ekonomikoek baldintzatzen dute".

Burgesiak izan ditzakeen "proiektuak", "lurraldearen araberako interesak" nahiz "joera nazionalak" ugariak izan daitezkeela adierazi dute GKSko kideek; "dena den, inoiz aldatuko ez dena burgesiaren esentzia bera da: klase dominazioan oinarritutako gizarte eredua izatea".

"Gizartea interes ekonomiko partikularren arabera egituratzeak Euskal Herriaren berezitasunak arriskuan jarri" dituela argitu dute, eta burgesiak hizkuntzaren alorrean nolabaiteko "iniziatibarik" badu, "etekin ekonomikoekin harreman estua" izango duela seinalatu dute.

ANTAGONISMOA ITZALETAN

Bestalde, GKSk azpimarratu du "egun ez dagoela Euskal Herria askatzeko proiektu politikorik goi-burgesia eta klase ertainaren mugimendu nazionalisten partetik", haien praktika politikoa "Espainiako zein Frantziako Estatuekin konpetentzien kudeaketa auzira murriztu" delako, "erretorika nazionalista eta identitatezkoa mantentzen badute ere".

"Batasun nazionala aldarrikatzen duten bitartean, beraien agenda instituzionala indartu eta nazio formaren baitan bizirik dirauen antagonismoa ezkutatzen dute", salatu du GKSk.

NAZIO AUZIA, LEHEN MAILAKO AUZI POLITIKOA

Horren aurrean, GKSko kideek aldarrikatu dute Euskal Herrian "lehen mailako arazo politikoa" dela nazio auzia. "Denbora luzez ukatutako eta zapaldutako nazioa" izanik, "zentzu bikotz batean askatzea" dagokiela diote; alde batetik, "Espainiako eta Frantziako Estatuen tiranietatik", baina bestetik, "burgesiaren atzaparretatik, izan horiek espainiar eta frantziar nazionalistak edota izan euskal nazionalistak".

GKSren esanetan, "klase borrokak zeharkatzen ditu nazio identitateak". Hala, baieztatu du gaurko jardun militanteak baldintzatuko dituela "Euskal Herriaren lurralde egituraketa politikoa eta lurraldearen gainean eraikitzen den ulermen orokorra". Euskal Herria "orain eta hemen" eraikiko dela diote koordinadorako kideek, "nazio jakin baten berezitasunak ez baitira betierekoak".

Hala ere, "partikularitateek ez dutela zertan desagertu" adierazi du koordinadorak: "Ez dugu uste etorkizuneko gizarte komunistan kultur berezitasunak, lurraldearen araberakoak zein linguistikoak desagertu behar direnik, haatik, beren ezaugarriak moldatuz eta eraldatuz biziraungo dutelako konbikzioa eta desira daukagu".

EUSKAL ESTATU SOZIALISTA, HAUSTURA

Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza, hortaz, "prozesu sozialistaren haustura-fase" modura ezaugarritu du GKSk: "Euskal Herriaren lurraldetasuna babesteko asmoa daukagu, baita gure arteko loturak eraikitzen jarraitzeko eta euskarari lehen hitza ematen jarraitzeko asmoa ere, eta euskal lurraldean perspektiba sozialista hegemoniko bihurtu nahi dugu".

Aurten Aberri Eguna Gazte Sozialisten Topagunean ospatzeko aukera izango ez badute ere, GKSko kideek baieztatu dute, orain arte bezala, aipatu norabidean "lanean jarraitzeko konpromiso irmoa" dutela. "Uste dugu, gainera, Euskal Herriaren askatasunaren alde eta bestelako jendarte eredu baten alde bizitza eman dutenak omentzeko biderik onena Euskal Estatu Sozialistaren alde lanean jarraitzea dela, baita horregatik preso jarraitzen dutenak eta erbestean daudenak omentzeko bide bezala ere", gaineratu dute.