AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Confilegal
2025/02/06 12:12

Europolek urtero lantzen du TESAT txostena, eta 2024ko abenduan argitaratu zuen urte horri buruzko ikerketa. Lanak berriz erakutsi du Europako erakundeek nola behatzen eta katalogatzen dituzten mugimendu sozialak, komunistak eta anarkistak. "Ezkerreko talde terroristatzat" jotzen dituzte "estatu bateko sistema politiko, sozial eta ekonomikoaren aurkako iraultza bortitza eragin nahi dutenak, sozialismoa ezartzeko eta, azkenik, gizarte komunista eta klaserik gabea sortzeko".

Talde horien ideologia "marxista-leninista" izan ohi dela zehazten dute ikerketan. Bestalde, "terrorismo anarkista" gisa kontzeptualizatzen dituzte "eredu sozial gisa autoritaterik eza sustatzen duten taldeek edo gizabanakoek egindako ekintza biolentoak". Azken txostenean, ekintza zehatzak deskribatzeaz eta ustezko egileak aipatzeaz gain, "ezker muturreko terrorismoa" deritzonaren dinamiketan sartzen da Europol.

Fenomeno horiek "mehatxu" gisa sailkatzeaz gain, talde horien izaera "transnazionalean" eta, kasu batzuetan, "oso antolatuan" ardazten den ikuspegi bat aurkezten du: Europolek aipatzen du Europako hainbat lekutan jarduten duten "talde terroristak" daudela, "ezker muturrekoak" nahiz "anarkistak", baina ezaugarritze anbiguoa dutela beti. Onartzen du mugimendu horietako batzuek "egitura tradizionalagoa eta hierarkikoagoa" dutela, baina beste batzuk "kolektibo deszentralizatuak" direla, "antolaketan arinagoak"; eta, txostenaren arabera, "antzemateko zailagoak".

"Ekintza biolentoak"

Txostenak zehazten du, era berean, mugimendu horien barruan, Europolek "ekintza biolento" gisa sailkatutako horietara jotzen dutela batzuek, beren aldarrikapenak egiteko. Berriz ere, ekintza horiek "terrorista" modura izendatzeak ordenaren eta legearen ikuspegi berezi bat dakar berekin. Horren arabera, terminologikoki, parekatu egiten dira protesta erradikalizatuak eta pertsonen aurkako atentatu hilgarriak, eta lausotu egiten da erresistentzia-ekintza baten eta ekintza armatu baten arteko alde nabarmena.

Mugimendu horien barruan "propagandak duen papera" ere azpimarratzen du lanak. Europolen esanetan, "ezkerreko taldeek sare sozialak, web-orriak eta mezularitza zifratuko aplikazioak erabiltzen dituzte mezuak zabaltzeko", eta horrek "herrialde ezberdinetako pertsonak mobilizatzea" ahalbidetuko lieke. Europako polizia-agentziak "eremu emankor" gisa ikusten ditu komunikazio-kanal horiek, eta "erradikalizazioa" deitzen dio horri.

Agenda eta "errekrutatzea"

Europolek ikusi duenez, "terroristatzat" jotzen dituen taldeen agendak gai sozialak, ekonomikoak eta politikoak ditu ardatz, tokikoak zein nazioartekoak: "NATOren eta gerraren aurkako jarrerak", "sionismoaren aurkako jarrerak", "menderatze tekno-industrialaren aurkako protestak", "zenbait pertsona-talderi eragiten dieten politikak eta erreformak", "bizi-kostuak eta energia-krisia areagotzea", "faxismoaren ustezko gorakada", "etorkinen eta langileen eskubideak", "klima" eta "errepresio poliziala edo judiziala".

"Errekrutamenduari" dagokionez, poliziek identifikatu dute ikertutako taldeek batez ere espazio fisikoetan lortzen dituztela kideak: "okupetan, manifestazioetan eta protestetan", "zentro sozialetan", "espetxeetan", eta, gutxiagotan, "online". Eta "errekrutatze" horretan, "ezker muturraren" lehentasunezko helburuak ondokoak direla uste du Europolek: "testuinguru zaurgarrietako gizabanakoak", "ezkerreko mezuekin eta mezu anarkistekin lerrokatutako lehentasun ideologikoak dituztenak" eta "gazteak".

Gazteria

Agentzia kezkatzen duen beste alderdi bat omen da "ezker muturreko terrorismoan eta terrorismo anarkistan gero eta gazte gehiago daudela". 2023an, "gazte horietako asko propaganda egiten, erasoak planifikatzen edo indarkeria bultzatzen aktiboki inplikatu ziren", Europolen hitzetan. Hala ere, txostenak fenomeno hori "manipulazio" edo "esplotazio" kontu gisa aurkezten du, gazteak "talde antolatuentzako harrapakin erraz" gisa deskribatzen baitira.

Europolen iritziz, gazte horiek "ideologiak, propaganda-materialetarako sarbideak eta ekintzen plangintza erraztu dezaketen baliabideak partekatzen dituzten online komunitateetan elkarreragiten dute". Txostenak dioenez, kezkagarriena da "gazte horiek propagandaren kontsumotik ekintzara igarotzeko azkartasuna". Adierazi du, halaber, gazteak "ez daudela beti talde antolatuekin lotuta", askotan "komunitate birtualen" barruan jarduten omen dutelako.

Finantziazioa

Agentziak ezker ez instituzionalaren espektro zabaleko mugimendu politikoen eta sozialen finantzaketaren jatorria ere ikertu du: "bazkidetza-kuotak", "iruzurrak subsidioetan", "dohaintzak eta crowdfunding-ak", "kriptomonetak", "argitalpenen eta produktuen salmentak", eta "ekitaldi sozialak edo karitatezkoak". Diru hori "kideei legezko laguntza eta laguntza ekonomikoa emateko ere erabiltzen" omen da, "jarduketa judizialetan eta espetxe-kondenetan barne".

EZ DAGO IRUZKINIK