AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Antonio Garamendi. ARGAZKIA / CEOE
2025/03/26 10:09

Gasteizen (Araba) berriki izan den Arabako Ekonomia Foroan, hitza hartu du CEOE patronaleko presidente Antonio Garamendik, hainbat auziren inguruan egin dizkioten galderei erantzunez. Europar Batasunaren berrarmatze-planaren inguruan galdetu diote, noski, eta hura babestu du: "gustatu ala ez gustatu", egin beharreko zerbait dela esan du. "Ideologiak alde batera utzi eta errealitatea landu behar da", azaldu du: "Europak ezin dio inola ere uko egin bere lidergo moral eta etikoari".

Bestalde, ohiko ikuspegiari helduz, "hitz egiten ez diren" auziei buruz aritzeko beharra azpimarratu du, EAEko "absentismo errekorrari" erreferentzia eginez eta Espainiako Estatuan egiten diren greben erdia bertan izaten direla gaitzetsiz. Garamendik adierazi du ustezko absentismoak eta grebek ez dutela "laguntzen", eta langile-borrokak erabat gutxietsiz, seinalatu du "konfrontazio-eremuak" ez duela "inora eramaten". Aldeen arteko "elkarrizketa" aldarrikatu du patronaleko buruak, xehatuz, "akordio batera iristen ez garenean, akordio ezak ere adosten" direla.

EAJk, PSOEk eta Podemosek adostutako berrikuspen fiskalari dagokionez, patronaleko buruak onartu du ez duela neurriaren edukia ezagutzen, baina ez duela gustuko "alderdiren batek" darabilen "kontakizuna", planteatzean "txarra dela enpresa batek dirua irabaztea". Izan ere, enpresak gero eta gehiago aberastu, "orduan eta enplegu hobea eta inbertsio gehiago" egongo direla erreibindikatu du Garamendik, eta "guztiak hobetu funtzionatuko" duela "denontzat". "Nik uste dut oso ona dela Mercedesek diru asko irabaztea; oso ona da Michelinek diru asko irabaztea. Uste dut oso ona dela Aiarako enpresa guztiek diru asko irabaztea", gaineratu du. Eta pozez xehatu du, bere iritziz, Eusko Jaurlaritzaren "kontakizuna" ez dela kritikatutako hori.

Politikari konkretu batzuen inguruan ere galdetu diote CEOEko presidenteari Gasteizko foroan. Eskatu diotenean PSOEko Pedro Sanchezi eta PPko Alberto Nuñez Feijoori buruzko gauza on bana esateko, erantzun du "ederrak" direla; eta Sumarreko Yolanda Diazi dagokionez, esan du "harreman ona" daukala berekin.

EZ DAGO IRUZKINIK