AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Erresuma Batuak ere hartzen du parte 'Horizon Europe' funtsetan. ARGAZKIA / AP Images
2024/06/05 10:55

Partners in Crime ("Kideak Krimenean") izeneko txostena publikatu berri du Transnational Institutek (TNI ingelesez), eta 2023ko urriaren 7tik aurrera Europar Batasunak eta Israelgo Estatuak izan dituzten loturak aztertu ditu. Txostenak aditzera eman duenez, Europako Batzordeak zuzentzen dituen Horizon Europe ikerketa-proiektuek parte hartzen dute estatu sionistaren industriaren finantziazioan: ikerketa-funts horietatik, 126 milioi euro bideratu ditu Europar Batasunak Israelgo Estatuko industriara.

Osotara, "partaide" sionistekin batera, 130 Horizon Europe ikerketa eraman ditu aurrera Europar Batasunak. Beraz, Israelgo Estatu genozidako unibertsitateak izan dira europar proiektu gehien jaso dituztenak. Unibertsitate horiek, halaber, estatu sionistako "militarren eta armagintza industriaren kideak dira", TNIk nabarmendu duenez.

Baina, unibertsitateak ez ezik, funts horiek armagintza-industria ere finantzatu dute zuzen-zuzenean. Israelgo Industria Aeroespazialak enpresak, Palestinako okupatzaileen armagintza enpresarik handienak, 640.000 euroko balioa duen proiektu bat jaso du Europar Batasunaren aldetik.

EU-GLOCTER proiektuaren finantziazioa ere seinalatu du txostenak, izan ere, militar sionisten proiektu bat da hura, "gerra-jokoak eta simulazioak" lantzen dituena. Dublin City Unibertsitateak koordinatutako 2,6 milioi euroko finantziazioa jaso du proiektu horrek. Osasun Ministerioari, bestalde, 983.775 euro eman dizkiote.

Horizon Europe funtsak ez dira bakarrak

Europar Batasuneko estatuek bat egin dute, eta askotariko gerrak finantzatzen jarraitzeko epe luzeko konpromezua hartu: 50.000 milioi euro bideratuko ditu horretara hurrengo lau urteetan. TNIk Batasuneko armagintza industriaren eta armadaren finantziazioaren berri ere eman du, hala. Antza, bi funts ditu armagintzari dagokionez. Alde batetik, Act in Support of Ammunition Production (ASAP) funtsa dago, 500 milioi eurokoa. Bestetik, 8.000 milioi euroko European Defence Fund (EDF) programa du abian.

Europako "diru publikoa jasotzen dute armagintza enpresek" eta, txostenean argitu dutenez, aipatutako funtsetako 426 milioi euro erabiltzen dira estatu sionista armaz hornitzeko. Funts horiek, gainera, urriaren 7aren ondoren indartu zirela azpimarratu du TNIk. Itxura denez, ASAP funtsaren bidez, 229 milioi euro zuzendu zituen Israelgo Estatura Europar Batasunak.

Armagintza-industriaren sendotzea

Funts horien onuradunak asko dira. Rheinmetall enpresak, tankeen jaurtigaiak egiteko, ASAP funtseko 133 milioi euro jaso zituen, bai eta EDF funtseko 36 milioi euro ere. Norvegiako Nammo enpresari, berriz, ASAP funtseko 96 milioi euro eman dizkiote, estatu sionista "bunkerren aurkako misilez" hornitzeko. Beste enpresa batzuek ere dirua jaso dute, Leonardok edota ThyssenKruppek adibidez: 115 milioi euro eta milioi bat euro bideratu dizkiete, hurrenez hurren.

EZ DAGO IRUZKINIK