AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / NATO (X)
2025/06/04 14:39

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak (NATO) Europako estatu kideei eskatu die bost aldiz biderka ditzatela lurreko aire-defentsarako gaitasunak, negoziazioen berri izan omen duten hainbat pertsonak Bloomberg-i jakinarazi diotenez. Proposamena Defentsa ministroek Bruselan egingo duten hurrengo bileran eztabaidatuko dute, eta "misil, drone eta aireontzi aurreratuen erasoen aurrean babesteko arrakala garrantzitsu bat" identifikatu izanari erantzuten dio.

Gaitasunak handitzeko helburua kolektiboa izango litzateke Aliantza Atlantikoaren parte diren Europako herrialdeentzat, baina estatu kide bakoitzarentzat aurreikusitako mailak alda litezke. Oraingoz, ez da zehaztu bide-orri berria abian jartzeko datarik. Dena den, Bloomberg-ek aipatutako iturri diplomatikoek azaldu dutenez, NATOko Defentsa ministroek aste honetan onartuko dute proposamena, Gerra Hotzetik armamentu-erreserben arloan hartutako konpromisorik handienetako bat izango litzatekeena.

Europako herrialdeek eta Kanadak beren gaitasun militarrak indartzeko eta Amerikako Estatu Batuetako sistema militarrekiko mendekotasuna murrizteko dituzten planen barruan sartzen da neurria. Bruselan izango den bilerak, hala, ekainaren 24an eta 25ean Hagan egingo duten goi-bilerarako prestatzeko balioko du.

"Gerrarako erabat prestatzea"

Lurreko aire-defentsa indartzea NATOren gastu militarra handitzeko estrategia zabalago baten parte da, gainera. Bloomberg-ek gogorarazi duenez, estatu kideak beren BPGaren %5 gastu militarrera bideratzeko aukera eztabaidatzen ari dira, azpiegituretarako, ziberdefentsarako eta "prestakuntza zibilerako" partidak barne. Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak duela gutxi adierazi zuen hala: "Ez gaude gerran, baina ez gaude bakean ere. Gure disuasioa eta gure defentsa indartzen jarraitu behar dugu, eta horrek esan nahi du gerrarako erabat prestatzera bideratu behar garela".

NATOk esan du azken hamarkadetan murriztu egin direla lurreko aire-defentsarako sistemak, arreta beste eskualde batzuetara mugitzen zen bitartean, baina egoera aldatu egin dela 2022an Ukrainan eskala handiko gerrak leher egin zuenetik eta Aliantzaren ekialdeko hegaleko "segurtasunarekiko" kezka areagotu denetik.

EZ DAGO IRUZKINIK