AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/12 12:55

Europako Parlamentuan 720 diputatu dira gaur egun, eta horietatik %30 inguruk dituzte diru-sarrera paraleloak: eurodiputatu soldata ez ezik, beste sarrera batzuk dituzte, lobbyei lotutakoak sarri. Irabazi gehigarri horiek 6,3 milioi euroko balioa dute osotara, Transparency International EU atariaren arabera. Eurodiputatuek 124.000 euroko oinarrizko soldata dute, baina beste 59.400 euro jasotzen dituzte gastu-ordain modura, eta beste 52.800 euro asistentzia-ordain modura.

236.200 euro horiek, antza denez, ez dira nahikoa politikari askorentzat, eta beste diru-sarrera batzuk ere badituzte. Eurodiputatu izateaz gain, beste "lan" batzuk ere eduki ditzakete, baina modu publikoan deklaratu behar dituzte, Qatargate presio-taldeen ustelkeria kasuaren harira, teorian behartuta baitaude diru-sarrera guztien berri ematera. 2013an, agerian geratu zen FIFAn izan zen ustelkeria, 2022an futboleko munduko txapelketa Qatarren egin zezaten. Nolabaiteko gardentasun-neurri batzuk ezarri behar izatea bultzatu zuen kasu horrek, eta horregatik deklaratu behar dituzte orain euren diru-sarrerak eurodiputatuek.

Hainbat iturrik erakutsi dutenez (tartean Transparency International EU), diputatu horiek automobilgintzako aholkularitzentzat, finantza-enpresentzat eta nekazaritzako presio-taldeentzat egiten dute lan, besteak beste. Gheorghe Piperea Errumaniako kontserbadorea da lehenengoa lobbyek finantzatutako politikari profesionalen zerrendan, 657.000 euroko diru-sarrera gehigarriak jaso baititu jadanik. Antza, politikariak berak sortutako abokatu-korporazio batetik jasotzen du dirua. Hurrengo onuradun nagusiak Laurent Castillo frantsesa eta Roberto Vannacci italiarra dira.

Beste adibide batzuk ematearren, Filip Turek txekiarrak 10.000 jasotzen ditu hilero, automobilgintzako aholkulari gisa jarduteagatik ustez; Monika Hohlmeier alemaniarrari 75.000 euro ematen dizkio BayWa nekazaritza- eta energia-enpresak, eta Charles Goerens luxenburgotarrak, bestalde, 43.000 euro irabazten ditu urtean, Foyer Finance enpresako administrari bezala.

Berez, eurodiputatuek debekatuta daukate presio-taldeengandik dirua jasotzea, baina araudia lausoa da. Izan ere, politikariak dira diru-sarrera gehigarri horiek "interes-gatazka" bat sortzen duten edo ez erabakitzen dutenak; eta, horren arabera, haiek ebazten dute ea finantziazio hori gatazkan sartzen den edo ez euren diputatu karguarekin.

EZ DAGO IRUZKINIK