Joan den maiatzaren 21ean, hamabi pertsonak deklaratu behar izan zuten Tuteran (Nafarroa), ikertu gisa. Castejongo (Nafarroa) CAF-Trenasa lantegian egindako protesta-ekintza bat zela-eta deitu zituzten deklaratzera: estatu sionistarekin kolaboratzeagatik seinalatu zuten enpresa urtarrilaren 25ean. Epaileak artxibatu egin zuen 11 lagunen kontrako prozesua, baina aurrera egin zuen kide baten aurkako auziarekin.
Ostegun honetan, ekainaren 13n, epaituko dute auzipetutako lagun hori. 10:00etan izango da epaiketa, eta 3.500 eurorainoko isun bat ezar diezaiokete, CAF-Trenasako atarian pintaketa bat egitea egotzita.
Epaiketaren harira, protestara deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Epaiketa hasi baino ordu-erdi lehenagorako, elkarretaratze bat antolatu du Tuterako auzitegi aurrean; auzipetuari babesa emateko, Palestinarekiko elkartasunaren aurkako errepresioari ezetz esateko, eta CAFi Palestinako lurretatik alde egin dezala exijitzeko.
Plataformak gogorarazi duenez, urtarrileko protesta-ekintzaren helburua zen "CAFek Israelgo Estatuarekin duen konplizitatea salatzea, Jerusalemgo eta Zisjordaniako koloniak lotuko dituen tranbia eraikitzen ari baita".