AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Blanes.
2024/10/06 17:41

Urriaren 1ean lau gizon gazte atxilotu zituzten Blanesen (Girona), etxerik gabeko zenbait pertsonari eraso egiteagatik. 18 eta 19 urte artean dituzte atxilotuek, eta gutxienez bi etxegaberi eraso diete, taldean. Hainbat hedabidek baieztatu dutenez, aurrez antolatutako erasoak izan dira biak, eta etxerik gabeko pertsonen kontrako gorrotoak bultzatuta aritu dira.

Itxura denez, erasoak prestatzeko, etxegabeek gaua igarotzeko erabiltzen dituzten hainbat toki zelatatu dituzte aurrez erasotzaileek. Beste norbait direlako plantak ere egin dituzte, pertsona horiekin hitz egin ahal izateko eta erasoak hobeto antolatzeko.

Bi eraso irailaren 27tik 28rako gauean

Irailaren 27ko goizaldean izan ziren bi erasoak. Gazteek auto bat erabili zuten mugitzeko, eta euren identitatea ezkutatzeko neurriak hartu zituzten. Gau horretan bertan salatu zen lehen erasoa.

65 urteko gizon bat izan zen aurreneko biktima. Barraka batean bizi da, eta hainbat lekukok eman zuten berak jasandako jipoiaren berri. Buruan lesioak eragin zizkioten gazteek, baita askotariko hematomak eta odoljarioak ere. Ospitalera eraman behar izan zuten erasotua, larriki zauriturik.

Egun bat beranduago, irailaren 28an, bigarren eraso bat salatu zuen etxerik gabeko beste gizonezko batek. Gazte berek jipoitu zuten, goizalde berean: sudurra hautsi zioten, hematomak eragin zizkioten aurpegian, eta odoljario bat sortu zioten begietako batean.

Bigarren pertsona horrek jakinarazi duenez, antzeko eraso gehiago ere izan dira inguruan. Beraz, posible da biktima gehiago egotea, bai eta erasotzaile gehiagok parte hartu izana ere. Momentuz atxilotu dituzten gazteak aurreko ostegunean igaro ziren epailearen aurretik.

EZ DAGO IRUZKINIK