2012tik hona, %24,5 handitu da etxebizitza iraunkorrik ez duten pertsonen kopurua Espainiako Estatuan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelerazko sigletan) emandako azken datuen arabera. 2022ko azken datuek erakusten dutenez, orduan 28.552 lagun bizi ziren egoera horretan.
2012tik hona, %24,5 handitu da etxebizitza iraunkorrik ez duten pertsonen kopurua Espainiako Estatuan
Aurten, gainera, Gurutze Gorriak gizarte-zaurgarritasunari buruzko 29. txostena kaleratu du, eta pertsona etxegabeen egoerari buruzko xehetasun gehiago mahaigaineratu ditu. Txosten horren arabera, esaterako, etxebizitzarik gabe egon aurretik, %66,1 lanean ari ziren, eta horietatik %33,4 lanaldi osoan. Horrez gain, %66,5 etxebizitza batean bizi ziren, eta horietatik %13,2k, jabetzan izateaz gain, guztiz ordainduta zuten.
Etxebizitzarik gabe egon aurretik, %66,1 lanean ari ziren, eta horietatik %33,4 lanaldi osoan
Egungo egoerari dagokionez, etxerik gabeko pertsonen %53,6 langabezian daude, %22,4 lanean ari dira, %8,1 erretiroa hartuta daude, %5ek lan egiteko ezintasun iraunkorra dute eta %2,3 ikasten ari dira. Bestalde, %15,4k lanbide heziketako edo unibertsitateko ikasketak dituzte. Seme-alabei dagokienez, %14,5ek haur bat daukate beren zaintzapean, %12k bi eta %12,5ek hiru haur edo gehiago.
Txosteneko datuek adierazten dutenez, etxegabeen %47,6k hiru urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, eta beste %22,9k urtebete eta hiru urte artean. Gainera, etxerik ez duten pertsonen %83,6k ez dute oinarrizko beharrizanak asetzeko baliabiderik, hala nola, komunera joatea, dutxatzea edo janari beroa prestatzea. Horren adibideetako bat da pertsona etxegabeen %18,3k eta gainera migratzaile direnen %33,7k ez daukatela osasun-txartelik, horrek osasun-zerbitzu oinarrizkoenak jasotzeko dakartzan arazoekin.
Pertsona etxegabeen %18,3k eta gainera migratzaile direnen %33,7k ez daukate osasun-txartelik
Txostena osatzeko inkesta egiterakoan, aurreko gaua non igaro zuten galdetu zitzaien inkestatuei, eta %47,7k esan zuten kale gorrian egin zutela gaua, bai eta gehienetan hala egin behar izaten zutela onartu ere. Horrekin batera, elikadurari buruz ere galdetu zieten elkarrizketatuei: ia erdiak (%48,1) ez zituzten hiru otordu egin aurreko egunean, eta afaldu gabe joan ziren lotara gauen erdietan.