Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak lan-baldintzek okerrera egin dutela salatu zuten atzo, otsailak 4, Bilbon (Bizkaia). Elkarteko kideek ohi modura bildutako datuek erakutsi dute zein den sektoreko langileek egungo krisian bizi duten egoera: ziurgabetasunak, zaurgarritasunak eta lan-baldintza latzek ezaugarritzen dute etxeko langileen egunerokoa.
ELKARTEAREN DATUAK: EGOILIARRAK ETA EZ-EGOILIARRAK
Txostenaren arabera, 468 langile elkarrizketatu zituen Etxeko Langileen Elkartearen aholkularitzak. Horietatik %98 ziren emakumeak eta %43 egoiliar modura jarduten dutenak. Azken horien artean migratutako emakumeak dira gehiengoa eta, hori ez ezik, herritartasunik gabekoen kopurua handitu egin dela azaldu dute elkarteko kideek.
Langile horien baldintzak, gainera, larriak dira: "lanaldi eta atsedenei dagokienez, egoiliarren gehiengo zabalak legez kanpoko baldintzetan egiten du lan". Izan ere, astegunetan aritzen diren egoiliarren %74,29k, astean 60 ordu baino gehiago egiten dituzte "enplegatzailearen esku".
Egoiliarren soldatak, gainera, ez dira legezko gutxieneko kopurura iristen, eta %96,73k ez dituzte lanaldian egindako ordu guztiak kobratzen. Bestelako irregulartasunak ere ematen dira: %42,36k ez du jasotzen soldatari dagokion nominarik edo agiririk, herritartasunik ez dutenek ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda, segurtasun- eta osasun-baldintzak ez dira betetzen, eta abar.
Etxeko langile ez-egoiliarren egoerari erreparatuta, arlo horretan ere emakumeak dira nagusi, eta ia guztiek dituzte lanaldi partzialak. Soldata baxuak jasotzen dituzte haiek ere: "ez-egoiliarren %43,77k ez dute lanaldiari zegokion gutxieneko soldata eskuratu".
PANDEMIA
Pandemiaren testuinguru zehatzak izan duen eragina ere bildu du txostenak, eta sektoreko beharginen lan- eta bizi-baldintzen okerragotzea azpimarratzen dute datu horiek. Adibidez, Etxeko Langileen Elkarteak salatu du "herritartasunik gabeko langileek lanpostua galdu zutela COVID-19an positibo ematean".
Bestalde, izan ez dituzten oporraldiak ez dizkiete "ekonomikoki konpentsatu", ezta egindako aparteko orduak ere. Konfinamendu orokorrak, bestetik, Gizarte Segurantzan erregistratuta ez dauden edota kontraturik gabe lan egitera behartuta dauden langileen egoera nabarmen zaildu du: lana galtzean ez zuten langabezia prestaziorik edo ordainsaririk lortzeko aukerarik.