Gaur, azaroak 14, Gasteizko (Araba) Legebiltzarraren aitzinean elkartu dira etxeko eta zaintza arloko langileak. Hala, lan baldintzei dagokienez bizi duten egoera gordina salatu dute, baita alderdi politikoen jarrera ere. Esaterako, adierazi dute haien soldatapeko lanetan ez direla Gizarte Segurantzak barnebiltzen dituen baldintza guztiak betetzen, eta gutxieneko soldataren azpitik kotizatzen dutela ere nabarmendu dute.
Etxeko Langileen Elkarteko kideen esanetan, "etxeko eta zaintza arloko langile askok, lanaldi osora egonik ere, 877 euroko kotizazioa dute gaur egun. 1.050 eurokoa izan beharko litzateke". Gutxieneko zenbatekoaren azpitik kotizatzen dutenez, askoz diru gutxiago jasotzen dute ondoko pentsioetan, edota lan istripuen, gaixotasunen eta amatasunen ondoriozko baimenetan.
Gatazka mahai gainean
Gaurko protestan, etxeko eta zaintza arloko langileek konponbide kolektibo bat galdegin diete alderdi politikoei. Besteak beste, euren kotizazioak arautzea exijitu dute, eta ozen entzun dira "eskubide guztiak etxeko langileentzat", edota "Gizarte Segurantza bete legea" bezalako oihuak.
Bestalde, langileek azaldu izan dute bereziki zaila izaten dela eurentzat lan baldintzak eta bestelako erasoak salatzea, banako modura egin behar izaten dutela kontuan hartuta. Izan ere, hala egin ohi dute soldatapeko lana ere; modu indibidualean.
Erradiografia gordina
Duela gutxi, Etxeko Langileen Elkarteak sektorearen erradiografia argitaratu zuen. Hona hemen txostenak jasotzen dituen hainbat datu: