AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/12 12:07

Observatori DESCA ikerlari taldeak ikerketa berri bat kaleratu zuen joan den abenduaren 10ean, Espainiako Estatuan etxegabetzeen aurka martxan den moratoria eta horren luzapena aztertu baititu. Txostenak hamar autonomia-erkidegotako datuak landu ditu, moratoriaren eragina ikusteko: 2021etik 2023ra bitartean neurri hori 100.021 kasutan aplika zitekeela identifikatu du, baina 24.659 kasutan baino ez zela ezarri, etxe-kaleratze horiek atzeratzeko. Moratoria erabil zitekeen kasuen laurden batean bakarrik jo dute horretara, beraz.

Baieztapen horrek berretsi egiten du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, otsailean, Iruñean (Nafarroa) aurkeztutako azterketa: Etxegabetzeen moratoriak ezkutatzen duena. Hego Euskal Herriko datuak aztertu zituen sindikatuak, helburutzat hartuta moratoriaren luzapenaren eragina neurtzea. Bildutako datuetan nabarmendu zuenez, Hego Euskal Herrian moratoria ezar zitekeen kasuetan, %70etan besterik ez zen aplikatu, eta horietan guztietan gauzatu ziren etxe-kaleratzeak.

Bi ikerketek erakusten dituzte Espainiako Gobernuak harro saldutako moratoriaren mugak. Teorian, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak babesteko aplikatzen da neurria, baina ezartzeko aukera dagoen kasu gehienetan, baztertu egiten dute. Gainera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak seinalatu izan duenez, etxegabetzea atzeratzen du moratoria ezartzeak, ez du kaleratzea behin betiko uzten bertan behera. Hala, pilatzen ari dira 2020tik aurrera moratoria bidez atzeratutako kaleratzeak, eta burutzeko esperoan daude. Neurria indargabetzen dutenean, berez, aurrera jarraituko dute etxegabetze-prozesu horiek guztiek.

Moratoriaren neurria hamar aldiz zabaldu du gobernuak, baina badirudi laster botako duela atzera. 11/2020 dekretuak, gobernuak "ezkutu sozial" izendatutakoak, helburutzat omen zuen gizarte-zerbitzuetan izena emanda zeuden eta zaurgarritasun sozial edo ekonomikoa froga zezaketen pertsonak babestea. Zaurgarritasun hori justifikatzeko, ordea, "diru-sarreren galera nabarmena" erakustea beharrezkoa da, eta epaitegi askok erabili dute baldintza hori etxegabetzeen kontrako moratoriari uko egiteko. Observatori DESCA-ren arabera, moratoria eskatu duten pertsonak pandemiaren aurretik ere egoera prekario horretan zeudela arrazoitzen du epaile ugarik.

EZ DAGO IRUZKINIK