Beasainen (Gipuzkoa) bi pertsona kanporatu dituzte euren etxetik, Goierriko Etxebizitza Sindikatuak atzo iluntzean jakinarazi zuenez. Etxegabetzean, "presentzia poliziala itogarria" izan zela azaldu zuen; ertzainek nahiz udaltzainek hartu zuten parte. Poliziak, gainera, sekulako oztopoak jarri zizkion unean "sindikatuaren lanari".
Etxebizitza Sindikatuko kideen esanetan, atzo etxegabetua izan zen pertsonetako bat eurekin aritu da lanean kaleratze-prozesu osoan zehar, eta kanporatzea geratzen saiatu dira. Lehen, etxegabetzeen kontrako moratoriak barne hartzen zuen bizilagun hori, eta gibelaturik zegoen bere kaleratzea. Gerora, ordea, "arrazoi burokratikoak" aitzakiatzat hartu ditu epaileak: ebatzi du, hain zuzen ere, moratoria ezarritako pertsona horrek ez duela frogatu "zaurgarritasun-egoeran" dagoenik. Hori dela-eta, etxegabetzeari bide egin dio epaileak, eta atzo gauzatu zuen kaleratzea Poliziak.
Moratoriaren iruzurra
Goierriko Etxebizitza Sindikatuaren arabera, Beasainen gertaturikoak berriz erakutsi du "moratoriaren fartsa": "Etxegabetzeen %30 soilik atzeratu ditu". "Lege horren aurrean inor ez da zaurgarria, norberak aurkakoa frogatzen ez badu", gaineratu du, Beasainen gertatutakoari erreferentzia eginda. "Gezurra da ezkerreko alderdiek etxegabetzeak debekatu dituztela", salatu dute sindikatuko kideek: "Neurriak, zerbaitetarako balio izan badu, ezkerreko alderdien interes elektoralei erantzuteko izan da".
Udala, erantzule oraingoan ere
Beasaingo Udalaren (EAJ) eta gizarte-zerbitzuen "arduragabekeria" ere seinalatu du sindikatuak: "Uko egin diote etxegabetuei edonolako alternatiba bat eskaintzeari". Nabarmendu du, hala, sekulakoa dela "herriarenak direla dioten instituzio" horiek guztiek "herritarren bat etxegabetzean beste aldera begiratzeko duten gaitasuna".
"Instituzio publikoak diren heinean, eta baliabideak dituztenez, eurena da etxegabetuak kalean geratzearen ardura", aldarrikatu dute sindikatuko kideek. "Berehalako alternatiba bat" eskatu dute atzo kaleratuak izan ziren bi pertsonentzat, eta dei egin dute "etxegabetzeei aurre egitera eta pertsona guztiok etxebizitzara sarbidea izan dezagun borroka egitera".