Garaipen bat Burlatan (Iruñerria, Nafarroa): etxegabetze baten kontra antolatuz eta mobilizatuz, hura geratzea lortu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gaur goizean bota nahi zituzten euren etxetik emakume bat eta bere bost seme-alabak, baina 200 pertsona inguru elkarretaratu dira etxeko atarian, etxegabetzeari aurre egiteko asmoz. Eta lortu dute kaleratzea gelditzea: segizio judizialak ebatzi du ez zegoela baldintzarik etxe-kaleratzea gauzatzeko, eta atzera egin du.
Indarkeria matxista jasandakoa da andrea, eta, hain zuzen ere, erasotzailearen familia da etxearen jabe legala. Emakumea ez dutenez legalki maizter gisa aitortzen, ez diote etxe-kaleratzeen aurkako moratoria aplikatzen, eta martxan da bera eta bere seme-alabak kaleratzeko prozesua. Burlatako Udalak ez dio kalitatezko bizitoki-alternatibarik bermatu familiari: hotel batera joatea proposatu zion, baina kostuaren zati handi bat emakumeak berak hartu beharko zuen bere gain.
Ehunka lagun, goizean goizetik protestan
Gaurko zegoen finkatuta etxegabetzea, baina Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak denbora darama horren kontra borrokan. Goizeko 09:00etan Basilio Armendariz kaleko 6. zenbakira bertaratzera deitu zuen, kaleratzea gelditzeko asmoz. Ordu horren aurretik hasi da jendea hurbiltzen, eta goizak aurrera egin ahala, adin guztietako gero eta bizilagun gehiago elkarretaratu dira etxeko atari inguruan.
Segizio judiziala 10:00etarako zen joatekoa. Ordurako, ehunka lagun zeuden atarian: etxegabetzeen eta instituzioen fartsaren kontrako oihuak eta klase-batasunaren aldekoak izan dira nagusi. 10:00ak igarota bertaratu da segizioa, eta bertan topatu du kaleratzearen kontra mobilizatu den jende guztia. Hala, momentuz etxegabetzea atzeratzea erabaki du, argudiatuta gaur ez zegoela baldintzarik kaleratzearekin aurrera egiteko. Aurrerago zehaztuko du beste data bat, sindikatuko kideek azaldu dutenez.
"Antolakuntza da bide bakarra"
"Gaur irabazi egin dugu", esan du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, segizio judizialaren erabakiaren berri ematean: "Eskerrik asko etorri zareten guztiei. Beste behin ere, argi geratu da antolakuntza dela bide bakarra gaur lortu duguna lortzeko". Ohartarazi du, hala ere, etxegabetzerako data berri bat egongo dela aurrerago. "Sindikatutik ahal dugun guztia egiten jarraituko dugu data hori hel ez dadin, baina iristen bada, hemen egongo gara berriz, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu etxegabetzea berriz gelditzeko", gaineratu du: "Antolatuz eta elkar babestuz soilik lor dezakegu hori".
📹📸 ETXEGABETZEA
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) January 30, 2025
Burlatan, gaurko dago ezarrita familia baten etxegabetzea: indarkeria matxista jasandako emakume bat eta bere bost seme-alabak.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, Basilio Armendarizko 6. zenbakira hurbildu dira jada hainbat pertsona. pic.twitter.com/EjpeNZIlT1