AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/18 09:02

Etxegabetua izateko arriskuan jarraitzen du Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko bizilagun batek, bere etxetik kanporatu nahi baitute pisuaren legezko jabeak eta azpierrentatzaileak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak joan den abenduan azaldu zuen bizilagun horren egoera: 2020tik, alokairu erregimenean bizi da pisu batean, baina etxe hori alokairu turistikora bideratu nahi du etxejabeak. Etxebizitza Sindikatuko kideek azpimarratu dutenez, hainbat pisuren jabe da Iruñean nahiz Donostian (Gipuzkoa). Etxeetako batzuk, Alde Zaharrekoa kasu, azpierrentatzaile batek kudeatzen ditu, "erabilera turistikora bideratzeko", gehienbat.

Berriki ohartarazi dute "bide judizialean tematuta" jarraitzen duela etxejabeak eta, hortaz, etxe kaleratzearen mamua gainean duela aipatutako bizilagunak. Alokairu-kontratua sinatu zuen unean, 2020an, ez zekien azpierrentatutako etxe bat zela; "informazio hori ezkutatu zioten", Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Gerora, "engainu horretan oinarrituz" jarri dute martxan etxegabetze-prozesua etxejabeak eta azpierrentatzaileak. "Agerikoa da honetan interes partekatuak dituztela, eta elkarlanean dihardute emakume bat bere etxebizitzatik bota eta pisuari errentagarritasun handiagoa atera ahal izateko", salatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.

"Edonola ere, pertsona honek bere etxean gelditzeko hautua egin du eta, orain, Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta dago", diote. Jabearekin negoziatzen saiatu dira, baina etxegabetzea ahalbidetu dezakeen bide judizialari eusten dio momentuz, eta badirudi asko luza daitekeela kaleratze-prozedura.

Borroka egiteko eta borrokara batzeko deia egin dute Etxebizitza Sindikatuko kideek, eta hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu dute. "Langile klasearen bizi-baldintzak okertzen ari diren garaiotan, behar-beharrezkoa da guretzat etxejabeen, nagusien zein Estatuaren partetik jasaten ditugun erasoei aurre egin eta gizarte-eredu kapitalistaren gaindipenerako indarrak metatzea", aldarrikatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK