Irailaren 8an Koldo Arribillaga izeneko 55 urteko gasteiztarra bihotzekoak jota hil zen Txagorritxu ospitalean (Gasteiz, Araba). El Salto hedabideak astearte honetan jakinarazi duenez, Osakidetzak bihotzeko ebakuntza bat ukatu zion duela hamahiru hilabete; "ebakuntza-osteko aldirako etxebizitza egokirik ez zuela" argudiatuta.
Arribillagak berak iragan maiatzean salatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintza-zerbitzu publikoaren jarrera, Iniciativa por el Derecho a Techo eta Argilan-ESK plataformarekin batera.
Etxegabetze baten biktima
2019ko
uztailean kanporatu zituzten Arribillaga eta bere ama Gasteizko Aiztogile kalean zuten
etxetik, "hipoteka-kreditua ez ordaintzeagatik". Adineko pertsonentzako egoitza batera bideratu zuten emakumea; haren semea, berriz, infraetxe batean bizitzera behartu zuten; taberna
izandako lokal batean.
2020ko urtarrilean, Gasteizko udaltzainak bere lokalera sartu ziren, behin-behineko bizilekua ikuskatzeko eta Arribillaga identifikatzeko. Handik gutxira, Gasteizko Udalaren Eraikuntza Zerbitzuko ohar bat jaso zuen etxegabetuak, "lokalean bizitzeari uzteko" aginduarekin. Kalera joaten ez bazen, hilean 600 euroko isun koertzitiboak jaso zitzakeen.
Zerbitzu Sozialak
Gasteizko Gizarte Zerbitzuek Arribillaga artatzeko itxura egin bazuten ere, ez zioten inolako etxebizitza alternatibarik eskaini. Gauzak horrela, lokalean bizitzen jarraitu behar izan zuen. Baldintza horietan bizita, Osakidetzak ebakuntzarako eskubidea ezeztatu zion, harik eta aurtengo irailean larriki gaixotuta ospitaleratu behar izan zuten arte.
Egun gutxiren buruan zendu zen, eta osasungintzako iturriek El Salto-ri aitortu diotenez, sendatu gabeko gaitzak eragin zion bihotzekoa.
Ankerkeria instituzionala
Argilan-ESK plataformako kide IƱaki Uribarrik Hala Bedi irratiari eskainitako elkarrizketan zioenez, eragile sozial horretan daramatzan urteetan "ez du sekula horren kasu larririk ikusi". Gainera, Arribillagak pairatutakoa "erakundeen gizagabetasunaren ekaitz perfektua" izan dela definitu zuen, etengabeko arreta faltak eta eskakizun burokratikoak tarteko.
Iruzurraren jo-puntuan
Uribarrik jakinarazi zuenez, 2013ko otsailaren eta 2016ko urtarrilaren artean sortutako ustezko zorrengatik Lanbideren erreklamazio bat jaso zuten 2.668 pertsonen artean zegoen Arribillaga. Enplegu-Zerbitzu autonomikoak 9.006 euro itzultzeko eskatu zion babesgabetasun egoeran zegoen gizonari; "laguntza sozialak bidegabeki kobratzeagatik", administrazioaren hitzetan.
Argilanek Lanbideren aurkako salaketa bat aurkeztu zuen, prebarikazio delitua leporatuta. Epaitegiak arrazoia eman zien fiskaltzaren bidez; izan ere, Lanbideko zuzendaritzak bazekien 2.668 lagun horiei eskatzen ari zen zorra, ordurako, indargabetuta zegoela.
Ez-herritarrak
Iniciativa de Derecho a Techo eragilearen bozeramaileak, Javier Saenzek, honakoa gogorarazi zuen Arribillagaren heriotzaren berri emandakoan: "Bazterkerian edo bazterketa-arriskuan bizi diren pertsonek ez dute gainerako biztanleen arreta bera jasotzen. Oso tristea da eta botere publikoen erantzukizuna da".