DANAk utzitako ondorioak ikusita, jopuntuan dago uholde-arriskuko eremuetan eraikita dagoen etxebizitza kopurua. Duela urtebete azaldu zuen elDiario.es hedabideak, Espainiako Estatuan, milioi bat zirela uholde-arriskuko zonaldeetan zeuden etxeak. Estimazio horren barruan sartu zituen, hain zuzen ere, urtebetean uholderen bat jasateko %1eko probabilitatea zeukaten eremuak (arrisku ertaina). DANA izatean, baina, kalkulu guztiak gainditu ziren eta arrisku ertaineko nahiz baxuko zonak hartu zituen urak, eta hori guztia kontuan hartuta, mapa eguneratu du elDiario.es-ek.
Erkidegoka ere zehaztu ditu datuak komunikabideak. Kalkulatu du, EAEn, 132.644 etxebizitza daudela urak har ditzakeen zonaldeetan, eta horietatik 14.000 baino gehiago daudela arrisku altuan; Lehentasunezko Fluxu-Eremu deiturikoetan alegia. Azken horietan, modu bereziki bortitzean jo dezakete uholdeek eta itsaskiek, eta kalte handiagoak eragin ditzakete. EAE da uholde-eremuetan etxebizitza gehien dituen laugarren erkidegoa, %12,6 baitira. Murtzia (%26,9), Asturias (%14,3) eta Kantabria (%12,9) soilik ditu aurretik.
Azterketak hiru multzotan bereizten ditu arriskuan egon daitezkeen etxeak, hain zuzen ere, arrisku-mailaren arabera. Gipuzkoako egoera nabarmentzen da, etxeen %18 baitaude nolabaiteko arriskuan: arrisku altuan daude ia 5.000, arrisku ertainean ia 26.000 (100 urteko itzulera-epean) eta baxuan 61.000 baino gehiago (500 urteko itzulera-epean). Tolosa da azpimarratu beharreko herrietako bat, etxebizitzen %80 baitaude uholde-arriskuko lekuetan. Zarautz, Azkoitia, Errenteria, Irun edo Donostia ere gailentzen ditu mapan elDiario.es-ek.
Bizkaian 9.000 inguru dira arrisku altuan dauden etxeak, ia 35.000 arrisku ertainekoak eta 61.000 bat arrisku baxukoak, eta Bilboko Alde Zaharra da gorriz markatutako zonetako bat: ia osorik bete dezake urak. Mapak azpimarra egiten die Gernika, Durango edo Amorebieta-Etxanori ere. Araban, berriz, 290 etxe daude arrisku altuan, 3.000 inguru arrisku ertainean eta 7.000 baino gehiago arrisku baxuan.
Nafarroari dagokionez, 11. postuan dago uholde-eremuetan etxe gehien dituzten erkidegoen zerrendan: etxebizitzen %7,6 daude egoera horretan. Kopuruari erreparatuta, baina, bertan da altuena arriskuan dauden etxeen zenbatekoa: ia 12.000 daude arrisku altuan, 18.000 baino gehiago arrisku ertainean eta 25.000 baino gehiago arrisku baxuan.