AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: PAH Nafarroa
2020/03/09 13:44

Duela hilabete salatutako egoerak bere horretan jarraitzen du Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa): etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan jarraitzen dute ehunka familiak, Azora eta Testa Socimi-Blackstone funts putreek babes ofizialeko hainbat bloke erosi ostean.

Tokian tokiko instituzioek elkarrizketei ekin diete funtsekin, baina familiek salatu dute horrek ez duela egoera konpondu. Esaterako, akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuak eta Testak; hitzarmenak, ordea, abendura arte babes ofizialekoak ziren 390 etxebizitzen alokairuak igotzea barnebiltzen du.

Hala, kaleratze arriskuan dauden sendiek mobilizazioak deitu dituzte aste honetarako, Donostian zein Iruñean. Gipuzkoako hiriburuan larunbatean izango da manifestazioa, Inmobiliaria Vascongadaren aurrean. Nafarroako hiriburuan, aldiz, ostegunean elkartuko dira Diputazioaren aurrean, 12:00etan.

Hilabete borrokan

Otsailaren hasieran eman zuten egoera zehatzaren berri kaltetutako familiek. Donostiaren kasuan, Azora funtsak Ategorrieta, Amara Zaharra eta Gros auzoetako etxebizitza batzuk bereganatu zituen. Guztira, 300 familia jarri ditu arriskuan.

Iruñean, ordea, Testa Socimi-Blackstone da ariketa berdina egin eta Errotxapea, Buztintxuri eta Ezkaba auzoetako bloke batzuk erosi dituena. Nafarroan ere babes ofizialeko etxebizitzak dira enpresa eraikitzaileei erositakoak, "merkatu askean" sartzeko helburu argiarekin. Momentuz, gutxienez 160 dira Iruñean arrisku egoeran aurkitzen diren familiak.

Horrenbestez, guztira, ia 500 dira kaleratuak izateko jopuntuan dauden sendiak, eta iragarri legez, mobilizazioekin hasiko dira bi hirietan.

EZ DAGO IRUZKINIK