Etxebizitza eskubidearen aldeko oihu ozen bat bihurtu da gaur Bilbo (Bizkaia). Eta mobilizazio-deialdia egin dutenek, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek, argi seinalatu dute zein den etxebizitza eskubide unibertsalerako bermea: etxebizitzaren negozioaren kontra egitea eta horrekin bukatzea. Moyuatik hasi da manifestazio jendetsua, eguerdiko 13:00ak igarota, eta Arriagaraino eraman dute aldarria milaka lagunek: Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!.
Ibilbidean zehar, hainbat protesta-ekintza egin dituzte manifestariek. Langile-klasearentzat etxebizitzaren arazoa hain larria den honetan, erantzuleak seinalatu dituzte: bai etxebizitzaren negozioaren kontura aberasten direnak, bai horren defentsan aritzen diren erakunde eta alderdi politikoak. Etxebizitza Legearen fartsa salatu dute Espainiako Gobernuaren ordezkaritza aurrean, La Caixa bankuaren jardun espekulatiboa gaitzetsi dute, Espainiako Estatuan okupazioaren kontra ezarri nahi duten lege-erreforma salatu dute epaitegi parean, eta abar.
Borrokan ari diren bizilagun ugarik ere hartu dute parte mobilizazioan, hala nola, portuko agintaritzak Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) Escalerillasetik etxegabetu nahi dituen pertsonek edo La Caixaren abusuzko klausulen kontra han-hemenka antolatu diren maizterrek. Euskal Herriko 220 kolektibok baino gehiagok babestu dute etxebizitza sindikatuek antolatutako manifestazioa.
Arazoaren erroa: negozioa
Udaletxe aurretik igarotzean, etxebizitzaren negozioa bermatzen duen kolaborazio publiko-pribatua salatu dute manifestariek, diru publikoaren bidez irabazi pribatuak ziurtatzen direlakoan. Arriagan bukatu da mobilizazioa, eta bertan hartu dute hitza Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideek, nahiz borrokan ari diren zenbait pertsona kaltetuk.
"Etxebizitzaren arazoa geroz eta itogarriagoa da", esan dute manifestazioaren antolatzaileek: "Alokairuak etengabe igotzen ari dira, soldatak baino lau aldiz gehiago. Salerosketako etxebizitzen prezioak langile-klasearen gero eta zati txikiago batek ordain ditzake, eta, bitartean, bankuek aberastasuna metatzen dute eta etekinen errekor historikoak iragartzen dituzte". Horren guztiaren emaitza nabarmena dela diote: "Langile-klasea etxebizitzarako sarbidetik kanporatua izaten ari da. Bai modu basati eta agerikoan, etxegabetzeen bidez, bai modu isilean".
"Langile-klasea etxebizitzarako sarbidetik kanporatua izaten ari da. Bai modu basati eta agerikoan, etxegabetzeen bidez, bai modu isilean"
Jakinarazi dute, ordea, kontua izan behar dela analisiarekin, hori guztia ez delako "zerbait berria", eta orain "etxebizitzaren arazoa okerragotzen" ari bada ere, sistema kapitalistan beti egon delako "langile-klasearen zati bat etxebizitzarako sarbidetik kanporatuta". Eta etxebizitzaren arazoak "pertsonarik zaurgarrienei" bereziki eragiten diela oroitarazi dute gainera, esaterako pertsona migranteei, errefuxiatuei eta emakume langileei.
"Hau ez da arazo koiuntural bat, espekulatzaile gutxi batzuen diru-gosearen fruitu den une bateko akats bat. Irabazietan eta jabetza pribatuan oinarritutako gizarte batean, biztanleriaren zati bat beti egongo da sistematikoki baztertuta", azaldu dute: "Arazo horien kausa sistema bidegabe bat da, gutxi batzuek gehiengoaren kontura etekinak meta ditzaten eginda dagoena". Zorrotz seinalatu dute, hala: "Guretzat, ez dago sistema honen porrot zibilizatorio, sozial eta ekonomikoaren adibide handiagorik, kalean bizitzera kondenatutako milaka pertsonena baino, milaka etxebizitza negozio kapitalistaren zerbitzura dauden bitartean".
"Hau ez da arazo koiuntural bat, [...]. Irabazietan eta jabetza pribatuan oinarritutako gizarte batean, biztanleriaren zati bat beti egongo da sistematikoki baztertuta"
Etxebizitzari lotutako problema guztiei aurre egiteko, antolatzea jo dute ezinbestekotzat; "arazo horiei modu kolektiboan aurka egitea, eta ulertzea askoz ere zabalagoa den gatazka baten parte direla: etxe bat behar duenaren eta etxe horretatik aberastu nahi duenaren interes bateraezinak aurrez aurre jartzen dituen gatazka bat". Etxebizitza sindikatuak, hain zuzen ere, borroka horretan lagun direla aldarrikatu dute.
Irtenbidea ez dago merkatuan esku hartzean
Etxebizitzaren arazoa bolo-bolo dabilen honetan, etxebizitza sindikatuek ohartarazi dute fokua modu desegokian jartzen dutela bai politikariek bai enpresariek, "eskaintza gehiago behar dela" ematen dutelako aditzera; "merkatua sustatu behar dela, errentagarriagoa bilakatu [...] jabeak etxe gehiago alokairuan jartzera anima daitezen. Hau gezurra da". Eta hori faltsua dela diote, bi arrazoi direla-eta: "etxebizitzaren merkatua gaur egun merkatu errentagarrienetako bat delako", eta ez delako egia "arazoa eskaintza-arazoa denik", etxebizitzarako sarbidea baizik.
"Ez da etxeak falta direla, errentatzaileak daude soberan"
"Ez dago etxebizitza gutxi, milaka daude hutsik, eta beste milaka etxebizitza turistiko edo luxuzko etxebizitza gisa erabiltzen dira. Etxebizitzak badaude, baina horiek eskuratzeko modu bakarra merkatua bada, langile-klaseak ezingo du inoiz etxebizitza egonkor eta kalitatezkorik eduki", zehaztu dute: "Ez da etxeak falta direla, errentatzaileak daude soberan".
Politikari profesionalak, etxebizitzaren negozioa indartzen
Sindikatuek uste dute "gero eta jende gehiagok" ikusten duela hori guztia, eta horren erakusle direla hamaika tokitan etxebizitza eskubidearen alde izaten ari diren mobilizazio handiak. Baina erne egon behar dela iritzi diote. Izan ere, abisatu dute "politikari guztiak, ezkerretik eskuinera, etxebizitzaren arazoari buruzko haserre soziala baliatzen" ari direla "etxebizitzaren negozioa areagotzera bideratutako neurri-sortak onartzeko", eta "arazoa inondik inora konpontzen ez duten neurrien aldeko kanpaina egiteko".
"Politikari guztiek bat egiten dute enpresarien ikusmoldearekin: arazoa konpontzeko, negozioa finantzatu", nabarmendu dute. Ondorioztatu dute, hala, politikariek ez diotela "aurre egiten enpresarien ofentsiba ekonomiko eta politikoari", hura "lagundu" baizik: "Gutxi batzuen negozioaren hazkundeak langile-klase osoa pobretuko du eta etxebizitza baterako sarbidea oztopatu. [...] Miseriazko bizi-baldintzak onartu eta horien kudeaketa ere errentagarria izan dadila bilatzen dute politikari eta enpresariek".
"Miseriazko bizi-baldintzak onartu eta horien kudeaketa ere errentagarria izan dadila bilatzen dute politikari eta enpresariek"
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu berriak edo Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Legea aipatu dituzte adibide modura, eta kezkaz oroitarazi dute alderdi guztiek egiten dituztela politikak erdi-mailako klasearentzat, "okerren dagoenaz ahaztuta"; "hainbesteraino, non proletarioen eskubide politiko eta ekonomikoen aurkako neurriak hartzen ari baitira".
Antolatzeko eta burua altxatzeko deia
"Pobretzen gaituen etxebizitzaren negozioaren aurrean eta politikari profesionalen fartsaren aurrean, esku batekin hobekuntza faltsuak saldu eta bitartean, bestearekin, murrizketa sozialen labanari eusten baitiote, mugimendu zabal bat artikulatu behar dugu", erreibindikatu dute sindikatuek. Uste dute premiazkoa dela "urgentziazko neurriak" hartzea, "baina, saldu nahi digutenaren kontrara, neurri horiek ez dute zertan etxebizitzaren negozioa indartu"; "kontrara, arazoaren erantzule diren espekulatzaileen poltsikotik atera daitezela aldarrikatzen dugu".
"Urgentziazko neurriak hartu behar dira. Baina, saldu nahi digutenaren kontrara, neurri horiek ez dute zertan etxebizitzaren negozioa indartu"
Dena den, beharrezkotzat jo dute "epe motzeko eztabaidetatik burua altxatu eta etxebizitzaren arazoarekin betiko bukatuko duen ortzi-muga bat marrazten hastea". "Harago begiratzera" deitu dute, "arazoaren erabateko konponbide iraunkor baterantz, modu unibertsalean etxebizitza bat bermatzearen eskutik soilik etor daitekeena". Garbi markatu dute bidea: "Gizartearen eraldaketa sakonak bakarrik konpondu ahal izango du etxebizitzaren arazoa". Eta, zentzu horretan, aldarrikatu dute ez dela "utopikoa" etxebizitza unibertsala planteatzea; "krisian dagoen gizarte zahar honetatik gizarte osorako hobekuntzak lor daitezkeela pentsatzea da erabat irreala dena".
"Etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen mugimendu zabal bat gorpuztu beharra dugu"
"Etxebizitza eskubide unibertsal bat izan dadin borroka egin behar dugu. Etxebizitzaren
negozioarekin bukatu beharra dago. Eta horretarako, gaurdanik, etxebizitza eskubide unibertsal gisa
defendatzen duen mugimendu zabal bat gorpuztu beharra dugu", adierazi dute irmotasunez sindikatuetako bozeramaileek: "Erabaki beharra dago, edo etxebizitza eskubidea edo negoziorako eskubidea. Ez dago erdibiderik".