AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/28 08:54

Hilabete honetan bertan Iruñean (Nafarroa) eta Donostian (Gipuzkoa) egin bezala, etxebizitzari lotutako auziei aurre egiteko urrats bat egin dute Bilboko (Bizkaia) eta Tolosaldeko (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistek: Etxebizitza Sindikatuak sortu dituzte. Abenduaren 15ean aurkeztuko dute ekimen berria Bilbon, San Frantzisko udaltegian, 19:00etan hasita; "etxebizitza problematikaren egoerari eta egungo erronkei" buruzko hitzaldi baten bidez egingo dute hori. Tolosaldeko Etxebizizitza Sindikatua aurkezteko saioa, berriz, abenduaren 10ean izango da Tolosako Kultur Etxean, 11:00etan.

"Bizi ahal izatea ere gero eta garestiago ordaintzen da gizarte kapitalistaren krisialdi testuinguruan. Enpleguaren suntsiketa, inflazioa, energia krisia, alokairuen prezioen gorakada, kalitatezko etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna, eta abar dira errealitatearen ezaugarriak, eta horiek, bizi bitartekoak eskuratzeko zailtasunera edo zuzenean bermatuak ez izatera eramaten gaituzte", azaldu du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak. Zentzu horretan, etxebizitzari lotutako arazoak "proletalgoaren egunerokoaren parte" direla ohartarazi du Bilboko Kontseilu Sozialistak, eta" langile klasea babesgabe dagoen bitartean, jabe txiki nahiz handien inpunitatea erabatekoa" dela salatu du. Adibide modura aipatu ditu "prezioen igoera arbitrarioak, mehatxuak, eskainitako etxebizitzen kalitatearen jaitsiera eta intimitatearen aurkako erasoak".

"Estatu-egiturek edo karitate-instituzioek indarrean jarritako neurriek ez dute egoera hori gainditzea helburu", Bilboko Kontseilu Sozialistaren esanetan. "Gainera, eskatzen duten burokraziaren atzean euren izaera baztertzailea eta antiproletarioa ezkutatzen da", gehitu du.

Autodefentsa sozialista antolatzeari ekin

"Etxebizitzaren inguruan ematen diren gehiegikeriak eta arazoak identifikatu eta horiek borrokatzeko tresnak sortzea ezinbestekoa da bizitzen ari garen ofentsibari aurre egiteko, izan etxegabetzeei eta etxejabeen inpunitateari aurre eginez, alokairuaren igoera borrokatuz, kalitatezko eta doako etxebizitzak aldarrikatuz eta abar", seinalatu du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak. "Lehentasunezkoa da etxebizitzaren esparruan ere Iraultza Sozialista elikatuko duten antolakuntza- eta borroka-espazioak garatzen hastea", aldarrikatu dute Bilboko Kontseilu Sozialistako kideek.

Etxebizitzaren alorrean "autodefentsa sozialista antolatzeko" asmoz sortu dituzte Etxebizitza Sindikatuak. "Langile klasearen babesgabetasunaren aurrean, etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izan dadin borrokatuko dugu", nabarmendu du Bilboko Kontseilu Sozialistak.

Tolosaldeko kideek xehatu dute, hala ere, "etxebizitzaren arazoa bere osotasunean konpontzeko ezinbestekoa" izango dela "Estatu Sozialista eraikitzea", hori delako "kapitalismoaren ondorioz agertzen zaizkigun zapalkuntza guztiei aurre egiteko irtenbide erreal bakarra". "Eremu honetan [etxebizitzarena] gure bizi baldintzak hobetzearen alde jarduteaz gain, borroka bakoitzean metatutako indarrak Estatu Sozialista eraikitzera bidean metatuko ditugu, hori baita etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala ziurtatzeko berme bakarra", gaineratu dute Bilboko Kontseilu Sozialistako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK