AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/24 12:20

Aurreko ostiralean, etxegabetze hirukoitz bat izan zen Erandion (Bizkaia): Santander bankuari lotutako finantza-erakunde batek egindako iruzurraren biktima izan dira kaleratutako pertsonak, eta euren etxea galdu dute bai iruzurrezko mailegu bat eskatu zuen familia batek, bai haien abal modura jarritako bi etxebizitzetan bizi diren euren senideek. Inolako bizitoki-alternatibarik izan gabe etxegabetu zituzten. Gertatutakoa salatzeko, gaur goizean, Erandioko udaletxe aurrean egin du agerraldi bat Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

"Etxegabetze horiek beste adibide bat dira erakusten dutenak sistema honek nabarmen porrot egin duela langile-klasearen beharrei erantzuteko orduan", adierazi dute sindikatuko kideek: "Hotz-bolada betean, etxebizitza-krisi betean, sistema honek, epaile, politikari eta poliziekin batera, egin beharko litzatekeenaren guztiz kontrakoa egiten du; etxeak bankuei kendu beharrean, familia langileei emateko, familiak beren etxeetatik botatzen ditu bankuei emateko".

Gogorarazi dute politikariek esaten dutela "etxe gehiago eraiki behar ditugula, ez dagoela nahikoa". Baina ulerkera hori irauli du sindikatuak: "Noski, dauden etxeetatik jendea botatzen badugu gutxi batzuek poltsikoak betetzen jarrai dezaten, normala da etxeak falta izatea langileok bertan bizitzeko. Erandion, etxegabetze hirukoitzaren ondoren, emaitza argia da: hiru familia kalean eta hiru etxe hutsik banku batek haiekin espekulatu ahal izateko".

Etxegabetze guztiak baldintzarik gabe etetea

Sindikatuak gaineratu duenez, "etxegabetze horiek ez ziren inola ere egin behar". Eta sakondu du: "Ez genieke instituzio publikoei alternatiba bat eskatu behar, alternatiba erreala eta justua argi dugulako; familia horiek etxetik bota ez izana. Ez genuke etxerik gabeko familientzako baliabide publikorik eskatu behar, sistematikoki familia horiek etxetik botatzea onartuko ez balitz. Horregatik, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe etetea aldarrikatzen jarraitzen dugu".

Erandioko etxe-kaleratze hirukoitzaren kasuan, sindikatuak uste du "finantza-erakundeak hiru familia horiei etxebizitzak itzultzea" izango litzatekeela "benetako irtenbidea". Gogora ekarri du, gainera, "legeak agintzen duenaren aurka ere", etxebizitza-alternatibarik gabe gauzatu zituztela ostiraleko desalojoak. "Utziko al diegu erakundeei eskuak garbitzen etxegabetutako pertsonak hotel batera sartu dituztela esanez? Ez, hori ez da alternatiba bat; ez justua, ez kalitatezkoa, ez iraunkorra", seinalatu du.

"Ez izan zalantzarik sindikatuetara jotzeko"

Agerraldian, mezu argi bat eman die antzeko egoerak jasaten ari diren pertsonei: "Ez izan zalantzarik sindikatuetara jotzeko. Eta, batez ere, lehenbailehen gerturatu sindikatuetara, eraginkortasunez eta bermez jardun ahal izateko. Ez bizi horrelako egoerak inola ere lotsaz edo erruz. Bidegabekeria horiei aurre egitea duintasun ekintza bat da; eta, batez ere, edozein egunetan antzeko zerbait gerta dakiokeen langileekin batera egitea. Klase-elkartasun ekintza bat da. Antzeko egoeran bazaudete, jo sindikatura; informatu eta antolatu zaitezte". 

Protestarako eskubidearen defentsan

Bestalde, protestarako eskubidearen eta orokorrean eskubide politikoen defentsan ere hitz egin du gaurkoan sindikatuak, salatu baitu, ostiralean, etxegabetutako pertsonei "elkartasuna adierazteko bildu ziren pertsonak erreprimitu" zituela Poliziak. "Etxegabetzeen aurka protesta egitea ez da delitua, ekintza legitimoa eta beharrezkoa da", zioen.

Honela biribildu ditu bere hitzak eta aldarriak, Erandioko kaleratzeen harira: "Bankuen esku dauden pisuak langileentzat; etxegabetze guztiak baldintzarik gabe etetea; alternatiba justuak, iraunkorrak eta kalitatezkoak familia langileentzat, eta protestarako eskubidearen defentsa. Eta hori guztia, kasu konkretu honetan, hiru familiek etxera itzultzean laburbiltzen da. Etxebizitza izateko eskubide unibertsalaren alde, borrokan jarraituko dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK