AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Periódico de España
2023/04/24 10:01

Azken txanpan sartu da Espainiako Estatuko Etxebizitza Lege berria: itxura denez, datorren ostegunean onartuko dute neurri sorta Diputatuen Kongresuan, PSOE, Unidas Podemos, ERC eta EH Bildu alderdien babesarekin. Horren harira, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuek protestara deitu dute bezperarako, asteazken honetarako.

"Etxebizitza Legearen fartsa elektoralari" ezetz esango diote elkarretaratze baten bidez; "legearen mugak eta erabilera elektoralista" salatuko dituzte, zehazki. "Errentatzaileen irabaziak bermatzen dituen lege" berriaren kontra, bi aldarri nagusi egingo dituzte: alokairuaren prezioaren jaitsiera eta etxegabetze guztien etetea. Bilboko Plaza Biribilean izango da protesta, asteazkenean, 18:30ean.

"Ia hobekuntzarik ekarriko ez duen lege hori, hautesleak mobilizatzeko bandera gisa ari da erabiltzen sozialdemokrazia", seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuek: "Proletalgoaren ikuspegitik, fartsa gisa baino ezin dugu ezaugarritu". Xehatu dute Etxebizitza Legeak ez duela "irtenbiderik proposatzen egunerokoan aurkitzen ditugun arazo larrienetarako".

Alokairuaren prezioa, gora

"Soldaten aurkako erasoaldi orokor baten testuinguruan (elikagaien prezioaren igoera etengabea, osasun sistemaren desegitea...), lege horrek alokairuaren prezioaren igoera betikotzen du: %2 aurten, %3 2024an, eta oraindik ez dute argitu 2025ean zenbat igoko den", azaldu dute: "Proletalgoa are gehiago estutzen dute krisi garaian. Gero eta garestiagoa den alokairua ordainduz, klase ertain errentatzailearen eta kapitalista handien (putre-funtsak, bankuak...) irabaziak elikatzen ditugu". "Alokairu guztien prezioa berehala jaitsi behar dela" aldarrikatu dute Etxebizitza Sindikatuek, beraz.

Etxegabetzeen gaitza

"Alokairuen gorakadak eta hipoteken garestitzeak gaitz kroniko bat larriagotu dute: etxegabetzeena", jarraitu dute: "Hamarnaka mila etxe hutsik dauden garaian, burgesiak ehunka pertsona kanporatzen ditu egunero beraien etxetik, etxebizitza irabazi-iturri izango dela bermatzeko".

Etxebizitza Lege berriak "ez dio etxegabetzeen arazoari aurre egiten", Etxebizitza Sindikatuaren esanetan: "Ez du etxegabetzerik eteten, ezta bizitoki-alternatibarik ez dagoen kasuetan ere. Soilik atzeratu egiten ditu etxegabetze horietako batzuk". Salatu du, gainera, gaur egun "nahikoa baliabide" dagoela "etxebizitzara sarbidea modu unibertsalean bermatzeko". "Hori eskaini ezin duen sistema batean, ordea, eskakizun minimoa da etxegabetze guztiak baldintzarik gabe etetea", adierazi dute.

Errentatzaileen mesederako

"Programa sozialdemokratak hobekuntzak lortzeko dauzkan ezintasunen aurrean, alderdi ezberdinek azaleko neurriak sustatzen dituzte, hauteskunde-propaganda egiteko helburuarekin", iritzi diote Etxebizitza Sindikatuek. "Horrekin guztiarekin, ez diogu Etxebizitza Legea itxurakeria hutsa denik. Izan ere, errentatzaileen irabaziak bermatu eta etxebizitzaren merkatuko egungo joerak indartzen ditu, etxejabeentzako zerga-onuren eta kalte-ordainen bidez edo higiezinen sektorea berraktibatzeko etxebizitza berrien eraikuntza sustatuz", nabarmendu dute.

"Jabe handien definizioak", bestalde, "lege honetako elementu zorrotzenetatik salbuetsita uzten ditu proletalgoaren eguneroko arazoen iturri diren errentatzaile asko", Etxebizitza Sindikatuen arabera.

Fartsatik kanpo

"Horren aurrean, proletalgoak duen alternatiba bakarra alderdi parlamentarioen eraginetik kanpo antolatzea da. Horrela soilik lortu eta defenda ditzake bere bizi baldintzetan hobekuntzak, baita etxebizitzaren esparruan ere", esan dute Etxebizitza Sindikatuek.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialisten eskutik, eskualde eta hiriburu ugaritan daude martxan tokian tokiko Etxebizitza Sindikatuak: Gasteizen (Araba), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Iruñerrian (Nafarroa), Oarsoaldean (Gipuzkoa), Buruntzaldean (Gipuzkoa), Deba Bailaran (Gipuzkoa), Tolosaldean (Gipuzkoa), Goierrin (Gipuzkoa)...

EZ DAGO IRUZKINIK