AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gustavo Valiente/Europa Press
2023/04/28 09:53

Maiatzaren 28ko udal eta autonomia hauteskundeei begirako kanpaina bete-betean onartu dute Etxebizitza Lege berria Espainiako Diputatuen Kongresuan. PSOE, Unidas Podemos, ERC, EH Bildu, Más País, Compromís eta Teruel Existe alderdiek babestu dute neurri sorta. Senatura igaroko da orain legea, eta maiatzean landuko dute berriz Kongresuan, behin betiko onarpena emateko eta indarrean sartzeko.

Aurrerapen historikotzat jo dute legea alderdi sozialdemokratek, baina kritiko agertu dira etxebizitzaren arloan lanean diharduten hamaika kolektibo. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuek, esaterako, salatu dute "funtzio propagandistiko argia" dutela neurri berriek, eta ez diola etxebizitzaren arazoari funtsean aurre egiten. Iritzi diote Etxebizitza Legeak "jabe handien eta errentari txikien interesak defendatzen" dituela eta "etxebizitzaren arazoa modu gordinenean bizi duen proletalgoari ez diola irtenbide errealik eskaintzen". Hala salatu zuten joan den asteazkenean, legearen "mugak eta erabilera elektoralista" seinalatzeko Bilbon (Bizkaia) egindako protestan.

Neurri berriek zenbait "hobekuntza txiki" jasotzen dituztela uste dute; esaterako, data irekiko etxegabetzeak geratzea edota higiezinen agentzien zerbitzuak etxejabeen gain erortzea. Hala ere, Etxebizitza Sindikatuek azaldu dute legeak ez duela "langile klasearen egoera funtsean aldatuko etxebizitzari dagokionez".

Adibide modura aipatu dute lege berriaren bidez ez direla alokairuaren prezioak jaitsiko, ezta "eremu tentsionatu" deiturikoetan ere. Igoerak nolabait mugatuko dira, baina ez da alokairuen prezioak merkatzeko edo izozteko inolako modurik zehaztu. Bestalde, ez dira etxe kaleratzeak inola ere etengo.

Etxebizitza Legeak "jabe handien eta errentari txikien interesak defendatzen" dituelakoan daude Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak. Etxejabeentzat laguntzak eta hobari fiskalak ziurtatzen ditu, eta, gainera, bizitoki-eraikuntzaren sektorea indartzen du, besteak beste.

Hogei kolektibotik gora, elkarrekin

Etxebizitza Lege horren harira, adierazpen bateratu bat argitaratu zuten atzo Espainiako Estatuan etxebizitzaren arloan lanean diharduten hogeitik gora sindikatuk eta taldek. Neurri sortaren mugak eta etxebizitzaren arazoaren instrumentalizazioa salatu zituzten, esaterako.

EZ DAGO IRUZKINIK