AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuek atzo Bilbon egindako protesta, Etxebizitza Legearen mugak eta erabilera elektorala salatzeko.
2023/04/27 11:01

Gaur onartuko dute Etxebizitza Legea Espainiako Diputatuen Kongresuan. Horren harira, adierazpen bateratu bat argitaratu dute Espainiako Estatuan etxebizitzaren arloa lantzen duten hogeitik gora sindikatuk eta taldek, lege berriaren inguruan daukaten jarrera argitzeko. "Espainiako Gobernua eta hura babesten duten alderdiak propaganda-ahalegin handia egiten ari dira lege hori, etxebizitza eskuratzeko bidean, funtsezko aurrerapauso bat izango dela sinetsarazteko", diote idatzian: "Hala ere, badakigu errealitatetik oso urrun dagoela hori".

Seinalatu dute, batetik, Etxebizitza Legeak ez duela "langile klasearen egoera funtsean aldatuko etxebizitzari dagokionez". Esaterako, neurri berriek ez dituzte etxegabetzeak geratzen, eta ez dituzte alokairuaren prezioak jaisten, ezta "eremu tentsionatuak" deiturikoetan ere.

Bestetik, beste neurri askok egiten duten modura, lege berriak "kapitalisten irabaziak bermatzen eta areagotzen" dituela salatu dute adierazpen bateratuan. "Prezioen igoera ahalbidetzen du, errentatzaile txikientzat kalte-ordainak aurreikusten ditu, ez du etxebizitza turistikoen sektorea ukitzen eta, dirudienez, gobernuak bizitoki-eraikuntzaren sektorea sustatuko du, etxebizitza berri merkeagoak behar direla aitzakiatzat hartuta", aipatu dute adibide modura.

Modu horretan, "funtzio publikoa etxebizitzaren arazoa kudeatzean datzala" ohartarazi dute sinatzaileek. Gainera, neurri berrien ezarpena erkidegoen esku geratzen dela eta ez dela horien ezarpena ziurtatzeko inolako modurik jasotzen gogorarazi dute.

"Kalitatezko etxebizitzarako sarbidea bermatzeko, beharrezkoa da alderdi politiko instituzional guztiekiko independentea den antolaketa hedatzen jarraitzea, etxebizitzaren problematika hautesleak mobilizatzeko erabiltzen baitute", gaineratu dute adierazpenean. "Etxebizitza arazo gisa, eta ez gure bizitza garatzeko bitarteko gisa, iraunarazten duen sistema hau gainditzeko oinarriak jartzearekin" lotu dute hori guztia.

Sinatzaileak

Idatzi bateratua sinatu dute, hain zuzen ere, ondoko sindikatu eta kolektiboek: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetako Etxebizitza Sindikatuak (Bilbokoa, Iruñekoa, Gasteizkoa, Donostiakoa, Goierrikoa, Tolosaldekoa, Oarsoaldekoa, Buruntzaldekoa eta Deba Bailarakoa), Carabancheleko (Madril) Etxebizitza Sindikatua, Valladolideko Etxebizitza Sindikatua, Valentziako Etxebizitza Sindikatua, Ravaleko (Bartzelona) Etxebizitza Sindikatua, Granadako Okupazio Bulegoa, Dreta de l'Eixampleko (Bartzelona) Etxebizitza Sindikatua, Tarragonako Etxebizitza Sindikatua, Palmako Etxebizitza Sindikatua, Baix Maresmeko (Bartzelona) Etxebizitza Sarea, Casc Anticeko (Bartzelona) Etxebizitza Sindikatua, Viladecans-Sant Climenteko (Bartzelona) Etxebizitza Sindikatua, Tenerifeko Maizterren Sindikatua, Moratalazeko (Madril) Etxebizitza Sindikatua, Hortalezako (Madril) Etxebizitza Sindikatua eta Gràciako (Bartzelona) Etxebizitza Sindikatua.

Hona hemen adierazpena, osorik:

EZ DAGO IRUZKINIK