AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/12 12:41

Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Etxebizitza Lege berria, EAJren eta PSE-EEren ekimenez. Bitartean, parlamentuaren aurrean egin zuen protesta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Etxebizitza Legeari ez. Eraikuntza-enpresek agindu, EAJk eta PSEk legeak egin lelopean. Sindikatuak salatu zuen erakundeek "ziklo eraikitzaile eta errentatzaile berri bat bultzatu" nahi dutela neurri horren bidez, "etxebizitza eskuratzeko egiturazko arazoei erantzun beharrean".

Sindikatuko kideen esanetan, lege berriak "premisa erabat faltsu" bat dauka oinarritzat, markatzen duelako "merkatuaren errentagarritasun eza" dela "etxebizitza-arazoaren jatorria". Ohartarazi dute, hortaz, etxebizitza-sektorea "inbertsio kapitalistentzat errentagarriago eta seguruago egitea" bilatzen dutela instituzioek, proletalgoaren kalterako.

Antolakundeak uste du onartu berri duten Etxebizitza Legeak ez duela "etxebizitzaren arazoa konponduko", "langileriak ekoitzitako aberastasunaren zati handiagoa eraikuntza-enpresa eta higiezinen esku utzi" baizik, negozio hori "are gehiago finantzatuz" erakundeen partetik. Izan ere, iritzi dio "espekulazioaren eta higiezinen negozioaren mesedetan egindako tresna" dela neurria.

Hiru ondorio nagusi izango ditu lege berriak

Lege berriak izango dituen hiru ondorio nagusi seinalatu ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Horietatik lehena izango da "baliabideak egoera okerrenean daudenengandik kendu eta gizarte-maila ertainetara bideratuko" dituztela: "Ehunka mila euro zuzenduko dira eraikuntza-enpresa eta errentatzaileengana lurzoru publikoen, salbuespen fiskalen eta diru-laguntzen bidez, gizarte-larrialdietarako zerbitzuak murrizten diren bitartean". Murrizketa posible horien adibide modura aipatu ditu "aterpetxeen itxierak, langile-murrizketak eta DSBEren erreforma".

Bigarren ondorio modura, "hirigintza- eta ingurumen-arauen malgutzea" nabarmendu du sindikatuak; "gehiago, azkarrago eta errentagarriago eraikitzea helburu, bizigarritasun-irizpideak eta ingurumen-ebaluazioen prozedurak malgutuko" dituztelako. "Orain lonjetan edo beheko solairuetan etxebizitzak eraiki ahal izango dira, etxebizitzen batez besteko kalitatea okertuz eta ingurumena arriskuan jarriz", azaldu du.

Eta, hirugarrenik, "etxebizitza eskuragarria" kontzeptua zabalduko dutela salatu du. "Kontzeptu horrek ez du esanahi zehatzik eta enpresek abantaila fiskal eta laguntza ugari jasotzeko aukera izango dute", sakondu du: "Etiketa horren azpian, 300.000 euroko etxebizitzak ere saldu ahal izango dira 'eskuragarri' gisa, eta horrek erakusten du benetako helburua sektorearen errentagarritasuna bermatzea dela".

"Langile-klasearen kontrola handitu behar da"

Sindikatuak defendatu du etxebizitzaren arazoa ez dela konponduko "etxebizitzaren negozioa finantzatuz". Horiek horrela, beharrezkotzat jo du "etxebizitza-politiketatik eraikuntza-enpresen eta higiezinen esku-hartzea kanporatzea" eta, kontrara, "langile-klasearen kontrola handitzea etxebizitzaren inguruko erabakietan".

"Enpresariek eta politikari profesionalek etxebizitzaren politika kontrolatzen jarraitzen duten bitartean, emaitza beti bera izango da: irabazi gehiago betikoentzat eta miseria gainerakoentzat", laburbildu du. "Klase-antolakuntza indartzera eta bizitza-baldintzak defendatzera" deitu du, beraz.

EZ DAGO IRUZKINIK