AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/04 12:20

Azken urte eta erdian, EAEn %46 hazi da alokairu publikoaren eskatzaile kopurua, eta une honetan 26.000 pertsona inguru daude Etxebide zerbitzuan izena emanda. Hazkunde hori "ezohikoa" da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordearen arabera. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak txosten berri bat argitaratu du, gainera, eta agerian utzi du EAEko etxebizitza-merkatu pribatuko "tentsionamendua". 

Alokairuaren prezioak gora egiten du etengabe, baina soldatek ez. Hala, geroz eta familia gehiagok jo behar dute alokairu publikora, eta, zehazki, Etxebiden inskribatutakoen %85 daude jadanik "emantzipatuta", baina "hileko errenta ordaintzeko zailtasunekin". Izan ere, familia eta pertsona horiek euren diru-sarreren ia erdia xahutzen dute alokairua ordaintzen. Ordainketa horretara bideratzen den batez besteko ahalegin ekonomikoa, txostenaren arabera, diru-sarreren %45era iristen da; 693 euro ingurura, hain zuzen.

Logela batean bizi diren pertsonen ehunekoa ere igo egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Etxebiden izena emanda daudenen %40,9 "alokairu libreko etxebizitza batean bizi dira", eta, horietatik, %36,7k alokatzen dute logela bat edo partekatutako pisu bat. Beste norbaitek "utzitako" etxebizitza batean bizi direnak, berriz, %2,1 besterik ez dira.

Azken datuek erakusten dutenez, "alokairu libreko merkatu dinamikoa du" EAEk, egunean 11 kontratu berri sinatzen baitira ofizialki. Baina etxebizitzaren garestitzearen arazoa edonon aurki daiteke: 43 udalerritan identifikatu dituzte "tentsioak", eta herri horietan bizi dira EAEko biztanleen %68. "Prezioen igoera handiak" atzeman dituzte toki horietan, eta "erdi mailako klaseei eta kolektibo kalteberei" eragiten die horrek, azterketaren esanetan.

Espainiako Estatuko maizterren erdia dira etxea galtzeko beldur

Bartzelonako Hiri-Ikerketa Institutuak (IDRA) beste txosten bat kaleratu du gaur, eta egileek diotenez, Espainiako Estatuko etxeen heren batean bideratzen dute euren diru-sarreren erdia baino gehiago alokairua ordaintzera. Egoera, gainera, okerragoa da hiririk handienetan: maizterren bi herenek erabiltzen dute diru-sarreren %60 baino gehiago alokairu ordaintzeko. Madrilen eta Bartzelonan egoera larria da, batez beste, soldataren %69,7 eta %64,8 gastatzen baitute alokairuan maizterren bi herenek, hurrenez hurren.

1985ean, Boyer Dekretua delakoa onartu zuten Espainiako Estatuan, eta, berez, prezio mugatuak zituzten kontratu mugagabeak ezabatu zituzten. Gaur egun, indarrean dauden hamar alokairu-kontratutik bat bakarrik da mugagabea. Ikertzaileen iritziz, hala, "bizi-segurtasun eta bizileku-segurtasun eza normalizatzen ari da", gazteen artean bereziki. PSOEk bultzatutako dekretuak, bere hitzetan, merkatua dinamizatzea eta eskaintza handitzea bilatzen zuen.

Azken 40 urteetako politikekin, etxebizitzak finantza-aktibo modura duen garrantzia handitu besterik ez da egin, eta behin-behinekotasunaren alde egin dute apustu gobernuek. Espainiako Estatuan alokairuan bizi diren familien eta pertsonen %47k diote ez dakitela etxe berean bizi ahal izango diren, sei hilabeteko epean.

EZ DAGO IRUZKINIK