AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/03 11:07

Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoko Gaztetxea, Etxarri II, gaur goizean hustu dute polizia-indarrek. Gaur goizeko 09:00etarako zegoen ezarrita desalojoa, baina Ertzaintzak atzo ekin zien espazioa husteko lanei: arratsaldean bertaratu zen Etxarrira eta sekulako polizia-dispositiboa jarri zuen, sarrera erabat itxiz eta ingurua hartuz. Dena den, barruan zeuden orduan Etxarriko hainbat kide, eta gaur arte defendatu dute Langile Kontrolpeko Espazioa.

Atzoko gertakariak

Atzo arratsaldean, Ertzaintzak Gaztetxeko sarrera zarratu zuenean, jende andana bertaratu zen desalojoaren kontra eta Etxarriren alde. Iluntzeko 20:30ean manifestazio bat hasi zuten Errekaldeko anbulatoriotik, eta ehunka lagun elkartu ziren kalean, desalojoaren aurka protesta egiteko. Etxarrira hurbildu ahala, kale batzuk itxi eta jendearen aurka kargatu zuen Ertzaintzak, manifestariak Gaztetxetik urruntzeko eta sakabanatzeko asmoz. 

Foam jaurtigaiak nahiz borrak erabili zituzten ertzainek Etxarriren aldeko protesta zapaltzeko, eta hainbat pertsona zauritu zituzten (larriki zaurituetako bati urgentziaz egin behar izan diote ebakuntza). Horretaz gain, gutxienez lau lagun eraman zituen atxilo Poliziak. Komisarian igaro behar izan dute gaua, eta haietako batek azaldu du ertzainek furgoian jipoitu zutela. Zauriturik dago.

Desalojoaren kontra protesta eginez eta, gainera, Poliziaren aurrean bere burua defendatuz, kaleak hartu zituen jendeak. Besteak beste, errepideak itxi zituzten zaborrontziak bidera aterata, eta gogor eutsi zieten ertzainen kargei. Gauera arte luzatu ziren istiluak.

Desalojoa gaur goizean

Ertzaintzak gau osoan zehar mantendu du dispositibo poliziala Gaztetxean, gaur goizean goiz desalojoa gauzatu ahal izateko. Goizeko aurreneko orduan dispositiboa areagotu du: furgoiak, droneak, helikopteroa... Alboko eraikinetara sartuz lortu du Poliziak Etxarrira indarrez barneratzea, bertan zeuden gazteengana iristea eta desalojoa gauzatzea.

Gaur ere jende ugari joan da Gaztetxea eta barruan zeuden kideak babestera. Atzo iluntzean egin bezala, goizean goiz, hainbat suziri bota dituzte barruan zeudenek, espazioaren defentsa aldarrikatzeko. Ertzainek sartzea lortu dutenean atera dituzte barruko gazteak, 10:00ak igarota. Txalo artean hartu dituzte kanpokoek.

Desalojoa eta Errekalden azken orduetan jasandako errepresio poliziala salatzeko, bai eta Gaztetxeen beharra aldarrikatzeko ere, manifestazio bat antolatu dute Etxarriko kideek gaur arratsalderako. 19:00etan hasiko da Ametzolako tren-geltokitik.

Bilboko Udala eta Amenabar, errudun

Gaurko desalojoaren ostean, berriz ere errudun modura seinalatu dituzte Amenabar eraikuntza-enpresa milioiduna eta Bilboko Udala; bereziki, Hirigintza zinegotzi Asier Abaunza (EAJ). Etxarriko zenbait kidek Bilboko Udalbatzarraren osoko bilkura bat eten zuten aurreko astean, udalaren erantzukizuna salatzeko. Izan ere, Etxarri dagoen kalean ehunka etxebizitza eraikitzeko plan bat aurrera eramateko hustu dute eraikina, eta udala eta Amenabar eraikuntza-enpresa dira proiektu urbanistiko erraldoi horren atzean daudenak.

Gaztetxeko kideek, dena den, hainbatetan salatu dute luxuzkoak direla eraikiko dituzten etxebizitza horietako asko eta orokorrean ez direla eskuragarriak izango langile-klasearentzat (milioi erditik gora balioko dute); nahiz eta, plana justifikatzeko, Babes Ofizialeko Etxebizitza batzuk ere sartu dituzten proiektu berean.

Hamar urtetik gorako ibilbidea

Etxarriko kideek martxoaren hasieran jakinarazi zuten berehalako desalojo arriskuan zegoela espazioa, apirilaren 4rako husteko agindua jaso zutelako. Hamarkada batez baino gehiagoz egon da martxan Gaztetxea: 2014an okupatu zuten eraikina, Kukutzaren desalojoaren ostean, auzoko "gazte langileen beharrei erantzun kolektibo" bat emateko asmoz. Bertako kideek aldarrikatu izan dutenez, gazteak antolatzeko eta politizatzeko funtsezko leku bat izan da ordutik, baita auzoko kolektiboentzako "aterpe" bat eta "aisialdi-eredu alternatibo bat garatzeko" espazio bat ere.

"Etxarri Gaztetxeak ez du inoiz proiektua erraztasunez aurrera eraman", ekarri zuten gogora atzo bertan. Horren isla da, esaterako, Poliziak 2016an espazioa legez kontra desalojatu izana (berriz birjabetu zuten handik gutxira) edo 2020an berriz ere hura husten saiatu izana (desalojo-agindu bera erabili dute oraingoan). Gaztetxeak babes handia jaso du azken asteetan, baina: duela astebete mila lagunetik gora mobilizatu ziren Etxarriren alde; Bilboko 60 kolektibok baino gehiagok sinatu dute manifestu bat bere defentsan; eta, gaur goizean, desalojoa gelditzen saiatu da jende andana.


EZ DAGO IRUZKINIK